Ahotsak eta EKEren arteko hitzarmena, ahozko ondarearen inguruko elkarlana bideratzeko

2017ko ots. 21a, 08:54

Joan zen ostiralean, otsailaren 17an, Uztaritzen izan ginen Ahotsak-eko kideok Euskal Kultur Erakundeak bertan duen egoitzan. Bi taldeok ahozko ondarea jaso, zaindu eta hedatzeari dagokionean antzeko helburuak ditugula ikusirik, elkarlana bideratzeko hitzarmena sinatu genuen. 

Badihardugu Euskara Elkartearen helburu nagusienetako bat Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea www.ahotsak.eus webgunearen laguntzaz.

EKEk (Euskal Kultur Erakundeak) euskal kulturaren garapena eta hedadura sostengatzea du helburu nagusitzat eta bere eginkizunen artean euskal kultura ondarearen begiratzea, helaraztea eta baloratzea du. Horren adibide dugu 2007an abiarazi zuten Eleketa programa, besteak beste.

Bi taldeok ahozko ondarearen bilketan eta hedapenean dugun interesa ikusirik, elkarlanerako urratsak adostu asmoz bildu ginen joan zen ostiralean Uztaritzen, EKEren egoitza den Lota jauregian.

EKErekin Uztaritzen

Elkarlanerako urratsak adostu ondoren, indarrak optimizatu eta ahozko ondarearen inguruko materiala trukatzeko helburuarekin hitzarmena izenpetu zuten Badihardugu Elkarteko Asier Sarasuak eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinek. Lehen urrats honetan, Badihardugu Elkarteak Iparraldean egindako 150 elkarrizketa utziko ditu EKEren esku, eta EKEk bere bildumako beste 35 utziko dizkio Badiharduguri, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan katalogatu eta bistaratu ditzan.

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia