Ahotsak eta Aranzadi, memoria historikoari adi

2011ko abe. 20a, 07:36

Aurreko astean Aranzadiko Mikel Errazkinekin (argazkian) bildu ginen, Villabonan, Mintzola ahozkotasunaren zentroan. Hezkuntzan memoria historikoa lantzeko proiektu bana daukagu abian. Garrantzitsua iruditu zitzaigun elkar ezagutu eta elkarlanerako bideak aztertzea.

Aranzadi zientzia elkarteak 2008-2009 ikasturtean landu zuen lehen proiektua hezkuntzan, Anoetako herri ikastolako DBH-4ko 25 ikaslerekin hain zuzen ere. Memoria kolektiboa lantzeko proiektua zen, sorkuntzaren bidez.

Gizarte ikasgaiaren barruan herriko adinekoak elkarrizketatu zituzten ikasleek, 40-50 hamarkadetako gizarte aldaketak ezagutzeko. Lortutako informazioarekin narrazio digitalak prestatu zituzten. Lanaren emaitza herritarrengana ere iritsi zen gero, ikergaia XIX. mende osora zabalduta: kiroldegian film laburra, bakarrizketa, bertso-antzerkia eta dantza eskaini zituzten ikasleek.

Proiektua Europar Memoriak Konpartituz programaren barruan egin zuten, Europako beste sei herrialderekin batera: Norvegia, Italia, Erresuma Batua, Polonia... Bakoitza bere herriko memoriatik abiatuz, Europako memoria berrosatzea zen helburua. Herrialde horietako ordezkariak Euskal Herrira etorri ziren, nor bere esperientzia kontatzera.

Orain bigarren proiektuarekin dabiltza Aranzadikoak. Donostiako Santo Tomas lizeoan egingo dute, ikasturte honetan, DBH-4ko 120 ikaslerekin. Ondarea eta identitatea landuko dituzte, metodologia berarekin: kontzeptuak barneratu, ahozko testigantzak jaso, ikertu, sorkuntza lana egin eta partekatu. Besteak beste poloniarrekin partekatuko dute esperientzia, Skip bidez. 

Ikasleen gaitasunak garatzeko bide polita, zalantzarik gabe, memoria historikoa eta berrikuntza teknologikoak batuta.

Ahotsak.com ikastetxeetan

Ahotsak.com proiektuan, bestalde, ahozko lekukotzak ikastetxeetan erabiltzeko proiektuekin jarraitzen dugu. Deba eskualdeko 5 ikastetxetan martxan jarritako proiektuak aurrera darrai eta oso emaitza onak izaten ari gara. Lehen Hezkuntzako irakasleekin lankidetzan, ikasturte bakoitzean kurrikulumean lantzen dituzten gaiak zerrendatzen ditugu eta www.ahotsak.com webgunean ditugun lekukotzen artean hautaketa egiten dugu, ikasgelan erabiltzeko egokienak aukeratuz.

Esan bezala, orain arte egindako saiakerak oso emaitza onak ematen ari dira eta datozen ikasturteetan plangintza zabaltzeko asmoz jarraitzen dugu. Izango duzue gure berri.

Argazkian, Mikel Errazkin, Aranzadi elkartekoa.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia