Ahotsak-eko testigantza bat, ETB2ko "Todos los apellidos vascos" saioan

eka. 2, 2015, 4:45 p.m.

Iñaki Gabilondo kazetariari buruzko saioan Begoña Gabilondo azkoitiarraren testigantza agertzen da, Ahotsak proiekturako jasoa. Bart eman dute Euskal Telebistan.

Nondik gatozen. Gure sustraiak ezagutzea. Horri buruzkoa da ETB2ko "Todos los apellidos vascos" telebista saioa. Atzo gauean estreinatu zuten. Olga Zabalgogeaskoa kazetariak aurkezten du. Euskal Herriko pertsona famatuen familia historiak arakatzen dituzte, zuhaitz genealogikoari tiraka. Atzoko saioa Donostiako Iñaki Gabilondo kazetariari buruzkoa izan zen, eta bere izeba ere agertu zen: Begoña Gabilondo azkoitiarra. Ahotsak.eus proiekturako egindako elkarrizketaren pasarte bat erabili dute, euskararen debekuari buruzkoa. Eraztunaren zigorra kontatzen du: 

Saio honetan, Iñaki Gabilondok dio pena handia ematen diola bere familian euskararen transmisiorik izan ez zelako. Bere gurasoek bazekitela euskaraz, eta etxean sarritan entzuten zuela. Gabilondo damu da inguruko adinekoei gehiago galdetu ez izanaz, hori ere badio. Nondik gatozen jakitea zein garrantzitsua den konturatzen dela, ezinbestekoa nora goazen jakiteko. Eta horixe da hain zuzen ere gure lana: ahozko ondare hori jasotzea. Galdu aurretik. Eta ezagutaraztea. Nahi duenak erabil dezan. ETBko ikerketa taldeak egin duen bezalaxe.
 
Erreportaia estiloko saioa da "Todos los apellidos vascos". Ikerketa talde batek pertsonaia ezagun horren historia ikertzen du, eta gero aurkikuntzen berri ematen dio. Bide batez, protagonistak bere familiaren historia kontatzen du: argazkiak erakutsi, haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak azaldu... Hementxe atzoko saioa:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia