Miren Jone Azurza, Donostiako kazetari aitzindaria, hil da 92 urterekin

2022ko mai. 17a, 11:30

Miren Jone Azurza igandean hil zen, 93 urte betetzear zegoela. Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria izan zen, lehen emakume tituluduna euskarazko kazetaritzan. Duela bi urte elkarrizketatu genuen, eta haren elkarrizketa ikusgai dago.

Emakume aitzindaria izan zen Miren Jone Azurza Aristegieta (Donostia, 1929). Lehen emakume kazetari tituluduna izan zen euskarazko kazetaritzan: Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria izan zen, 1969tik 1975era. Duela bi urte elkarrizketatu genuen, 90 urterekin. Umoretsu eta buru-argi zegoen artean. Prentsaren historia jasotzeko hainbat aditu elkarrizketatu genituen, eta testigantza horiekin "Euskal prentsaren garapena" bideoa prestatu genuen. 

Matia kalean jaioa, gurasoak Antigua bertakoak zituen, jatorriz familia biak Igeldokoak izan arren. Aita maisua zen Groseko Biteri eskola publikoetan, eta ama telefonista izan zen ezkondu artean; lan horretara itzuli zen gerraostean, senarrari lana ukatu ziotelako. Miren Jonek kontatu zigunez, aita abertzalea izateagatik errepresialiatu zuten, eta horrek hankaz gora ipini zituen familiaren bizimodua eta ekonomia:

Bost senidetan bigarrena zen Miren Jone eta neska bakarra. 8 urtera arte etxean ikasi zuen, amarekin, eta ondoren Lourdesko ikastetxean. Senide guztiek izan zuten ikasteko aukera. Peñaflorida institutuan egin zuen Batxilergoa. 19 urterekin Gasteizera joan zen, Misiolari Sekularrekin, bokazio erilijiosoak bultzatuta, eta hainbat tokitan egon zen, besteak beste Avilan eta Madrilen, misiolari lanetan. Kazetari sena zeukan eta, Madrilen zegoela, Kazetaritza ikasteko aukera izan zuen. Hainbat aldizkari erlijiosotan hartu zuen parte: Vida nuevaImpulso... 

1965ean bueltatu zen Donostiara eta Ethos argitaletxean hilabete batzuk egin ondoren Zeruko Argia astekarian hasi zen lanean. Euskal kazetaritza profesionalizatzeko eta modernizatzeko garrantzitsuak izan ziren hainbat urrats egin zituen, zuzendari izan zen garaian. Hasi zenean, dena ei zegoen egiteko:

Gero Historia ikasketak egin zituen, eta CCC-n zuzentzaile eta Michelin lantegiko aldizkarian egon zen lanean, Deia egunkarian lana egiteko deia jaso zuen arte. Azken urteetan Setien gotzainaren prentsa-burua izan zen. Bere bizitzako hainbat pasarte kontatu zizkigun Miren Jonek: guztira 30 bideo-pasarte daude ikusgai. Joxe Joakin Azurza anaiaren ibilerak ere kontatu zizkigun elkarrizketan (Euskadi irratia sortu zuen Venezuelan), irratitik "gora Euzkadi askatuta!" esan zuenekoa, adibidez. 

Miren Jonek ez zeukan emakume izateagatik lanerako aukera gutxiago eduki izanaren sentsaziorik. 

2011n Ohorezko Rikardo Arregi saria jaso zuen, eta 2018an Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Elixabete Garmendia kazetariak Miren Joneren biografia argitaratu zuen 2020. urtean, Bidegileak bildumaren baitan: Azurzaren biografia.

Informazio gehiago: Berria egunkarian eta Gara egunkarian. 

Gure doluminak Jone Mirenen familiari eta lagunei. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia