Abuztuaren 31ren osteko egunak: ahotsak proiektuaren aurrekari?

2012ko ira. 4a, 10:03

Ostiralekoa egun berezia izan zen Donostiako hiriarentzat. Ostiraleko egunez, duela 199 urte, tropa espainol, ingeles eta portugesek su eman zioten hiriari, eta kale bakarra utzi zuten zutik; hain zuzen, zorigaiztoko gertaera haren oroimenez, Abuztuaren 31 izenaz ezagutzen dugun kalea. Atzo, hiriak hautsa kendu zion historiari eta, kandelen argitan, hura protagonista bihurtu.

 

1813. urtea zen. Independentzia Gerra. Donostia soldadu frantsesen menpe zegoen; eta tropa espainol, ingeles eta portugesak, harresien kanpoaldean, hiria hartu nahian. Abuztuaren 31n, aliatuek zuloa egin zuten Bretxan, eta barrura sartzea lortu. Donostiarrek beso zabalik hartu zituzten, frantsesengandik askatuko zituzten salbatzaileak zirelakoan. Baina, salbazioa baino, hondamendia ekarri zuten militar haiek: lapurretak, bortxaketak, hilketak... eta sua, hiria ia erabat suntsitu zuen sutea. Kale bakarra utzi zuten zutik; hain zuzen, zorigaiztoko gertaera haren oroimenez, Abuztuaren 31 izenaz ezagutzen dugun kalea.

Txikizioaren ostean, 1813ko irailaren 8an eta 9an, Zubieta auzoko Aizpurua baserrian elkartu ziren Donostiako jauntxoak: batetik, hiriaren berreraikuntza antolatzen hasi ziren; eta, bestetik, erasoan gertatutako izugarrikerien memoria jasotzen.

Bi mende geroago, memoriaren garrantziaz jabetuta, ahotsak proiektuak eginkizun horretan dihardu. Eta, oraindik ere, 1813ko oihartzunak entzuten ditugu gure ahotsen artean. Hona hemen horietako bat. Amonari entzundakoak kontatzen ditu Pepi Berasategik. Datei erreparatuta, argi dago haren amonak ezin izan zuela Donostia sutan ikusi; beraz, amonak bere amonari entzundakoak direla ondorioztatu dugu. Pasarte hau ahoz ahoko transmisioaren erakusgarri da:

 

 


Amona plazara berdurarekin; Donostia erre zutenekoa

 

Argazkia: Indymedia Euskal Herria

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia