75 urte errazionamendua jarri zutela

2014ko mai. 27a, 10:11

1939. urteko maiatzean ezarri zuen Francok errazionamendua. Ordutik aurrera urte askoan, 1952. urtera arte, oinarrizko lehengai asko txartel bidez jasotzen zituzten herritarrek.

Askotan entzun izan ditugu 1936ko gerraosteko goseari buruzko kontuak. Francoren gobernuak errazionamendu bidezko erregimena jarri zuen martxan duela 75 urte. Hala, elikagai askoren eskasia handituko zuen politika ekonomiko berria ezarri zuen. Gerra Zibilaren ondorio zen krisia aitzakia hartuta, produktuen banaketa kontrolatua jarri zuten martxan. Hornidura eta Garraioen Komisaria Nagusia edo herritarren artean Abastos bezala ezaguna den saila sortu zen horiek kontrolatzeko.

Baina gose hori zerk eragin zuen? Elikagaiak eskuratzeko zailtasunak zergatik ugaritu ziren? Gizarte mailak eragina ote zuen horretan? Merkatu beltza edo estraperlo modura ezagutua zertan zetzan? Horien guztien erantzunak ditugu urteotan Ahotsak.comen jasotako lekukotasunetan.

Ordiziako Felipe Kortak kontatu zigun lantegiko soldatarekin ezin zela litro bat olio erosi. Estraperloa ugaritu, eta batzuk aberastu egin ziren.

Zumaiako Juan Egañak ama "bizi-bizirik jateko moduko gosia" izan zutela dio. Soldadutzara ere gustura joan zen, han janaria izaten zuten-eta.

Donostiako Itziar Arzelusen ametsa jatea zen. Bere ama maistra zen, eta ogi truke ematen zituen eskolak.

Muxikako Basilio San Antonen etxean egun bakarrean jaten zuten aste osorako errazionamenduan jasotakoa.

Hala ere, denek ez zuten hain txarto pasatu. Arrasateko Pilar Mujikaren etxekoek Zerrajera kooperatibatik jenero asko lortzeko aukera izan zuten.

Aramaioko Pedro Karetxek errazionamendu kategoriak zeudela kontatu zigun.

Etxarri-Aranazko Rafaela Ijurrak jana lortzeko egin beharrekoak aipatzen ditu.

Argazkian errazionamenduko txartel batzuk ageri dira. 1951-1952 urte bitartekoak dira. Gernika-Lumoko Angel Nabeak eman zizkigun berarekin egon ginenean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia