Bizkaiko eta Gipuzkoako 372 ikasleren transkripzioak sareratu ditugu Ahotsak.eus webgunean

mar. 5, 2021, 9:50 a.m.

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat ikaslek hartu dute parte Ahotsak proiektuan. Batzuek elkarrizketak egin dituzte, beste batzuek transkripzioak. Euren lanaren emaitza sarean ikusteak lanean jarraitzeko gogoa pizten die. Eskerrik asko parte hartu duten institutu, irakasle eta ikasle guztiei!

Badira zenbait urte Euskal Herriko Ahotsak proiektua hezkuntzarekin lotzen hasi ginela. Ahotsak.eus webgunean biltzen den ondarea hurrengo belaunaldiei helaraztea da helburua. Azken urteotan hezkuntzarako material osagarria sortzen jardun dugu: Transmisioa ikasgelan. Baina horrez gain, hainbat ikastetxerekin harreman zuzena izan dugu eta, horri esker, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 400 ikasletik gora Ahotsak proiektuko partaide bihurtu dira.

Lekeitioko institutua izan zen gurekin harremanetan jarri zen lehenengo ikastetxea, 2009an. Amaia Fuldain euskara irakasleak, Batxilergoko 2. mailan dialektologia lantzen ari zirela ikusita, ikasleak Ahotsak.eus-eko zenbait pasarte transkribatzera animatu zituen. Lekeitioren atzetik etorri ziren Ondarroa, Bergara (Ipintza Institutua), Hernani, Eibar (Ignacio Zuloaga Institutua), Amorebieta-Etxano (Urritxe Institutua) eta Zarautz (Lizardi Institutua). Guztira DBHko eta Batxilergoko 372 ikaslek parte hartu dute transkripzioak egiten eta denen artean 558 pasarte transkribatu dituzte.

Ikusi, adibiderako, Lekeitioko ikasle batek 2020an transkribatutako Begoña Ansotegi `Sagunto´ren pasartea:

Ta hurrengoko egunian be jun giñian, ta hurrengoko egunian erderaz esplika eutsan ta “reuma tal y cual”. Desietan neuan handik urteteko, despatxotik, amari preguntateko ia reuma zer dan. “Ama, zer esan dau daukatela, zer da reuma?”, “Reuma? Umoria. Zuk [eukin...]?”. Eske ordun "umoria" esaten jakon. Umoria daukola, umoria, gero neuk be umoria. Besua beti geldik egoten jakon hamar-hamabost egun be bai, ta neri be halantxeik geldik egoten jaten gero. Hamar urteaz ez, baiña gero, hamazortzi urte daukatela-edo bai, neuk be holantxek, amak eukitten eban modura, eskua zirkiñik be ez, erantzi be ezin ein. Hamendik ebai tirantiak eta [eten] ta amak-eta lagundute. Bera balitz be launtzen eutsaun ta. Ta hamen umoria. Hamen... "Amak ez nau itxi erentzidxarik –gero be esaten neban txiste modura–. Amak ez naben itxi erentzidxarik, baiña umoria itxi naben”.

Egilea(k): Irati Alonso Kortazar (Lekeitioko institutua)

 

Transkripzioez gain, elkarrizketak ere egin izan dituzte ikasleek, ahozko ondarearen bilketarekin lotutako proiektu ezberdinetarako. Esaterako, Donostiako San Ignacio ikastetxeko Batxilergoko ikasleek, Gorka Lekaroz irakaslearen gidaritzapean, urtero egiten dituzte elkarrizketak, euskalkiak lantzerakoan. 2013tik hona ikasleek egindako grabazio guztiak Ahotsak.eus webgunean daude katalogatuta. Lekarozko institutuko ikasleek, berriz, Euskalkiak eta kantagintza ikasgairako egin zituzten elkarrizketak, Maitane Maritorena irakaslearen gidaritzapean.

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartu duten institutu, irakasle eta ikasle guztiei. Mila esker zuen laguntzagatik!

 

Argazkian Lekarozko institutuko "Euskalkiak eta kantagintza" ikasgaiko ikasleak (2017)

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia