101 L proiektuaren webgunea prest!

2016ko abe. 19a, 17:47

Euskal Herriko aniztasuna jaso eta ezagutarazten ari gara. 97 hizkuntza jaso ditugu, 160 pertsona baino gehiago elkarrizketatuta. Jasotako testigantzak 101l.ahotsak.eus webgunean jarri ditugu. 

Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da 101 L proiektuaren helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ginen, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 160 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, han eta hemen. Hainbat jatorritako pertsonak. Gehien-gehienak hemen bizi direnak, baina baita Euskal Herrira bisitan etorritakoak ere. Orain arte 97 hizkuntza jaso ditugu. Eta hizkuntzak jasotzen jarraitzeko asmoa daukagu. 

Egindako elkarrizketa horiekin ahozko artxibo bat ari gara sortzen, erabilera librekoa, interesa duen orok aberastasun hori ezagutzeko aukera izan dezan. Egindako grabazioetako asko landu ditugu: minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, laburtu eta gaika sailkatu, gero erraz bilatu eta erabili ahal izateko. Gure webgunean ikus eta entzun ditzakezue: 101l.ahotsak.eus. Gaur webgunea aurkeztu dugu. Laster, berriz, dokumental labur bat izango dugu prest, Donostialdean jasotako testigantzak oinarri dituena. 

Elkarrizketetako batzuk kalean egin ditugu, horretarako jarritako karpan zein autokarabanan. Bideoz grabatzen ditugu elkarrizketak, eta hiztunei galdetzen diegu ea: nondik datozen, zer hizkuntza hitz egiten dituzten, nola bizi duten eleaniztasuna, zein den euren harremana euskararekin, integrazioari buruz duten iritzia… Eta era berean, oinarrizko hitz batzuk ere jasotzen ditugu. Elkarrizketatuek euskaraz edo gaztelaniaz erantzuten diete galderei, eta segidan beraien jatorrizko hizkuntzan ere bai.

101 L proiektua Badihardugu euskara elkarteak sortua da. www.ahotsak.eus da Badihardugu elkartearen proiektu nagusia, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko egitasmoa. Esperientzia hori baliatuta, beste urrats bat eman eta Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna ezagutzea eta ezagutaraztea erabaki dugu. Ikus proiektuarekin lotutako argazkiak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia