"Zumaia eleaniztuna" dokumentalaren aurkezpena, asteazkenean

ots. 27, 2017, 11:17 a.m.

Etzi, martxoaren 1ean, hitzaldi-aurkezpena egingo dugu Zumaiako Alondegian, 101 L proiektuari eta Zumaiako hizkuntzei buruz, eta "Zumaia eleaniztuna" dokumental laburra ikusteko aukera izango da. Zatoz!

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian? Ba al dakizu? Zumaiako hizkuntza eta kultur aniztasuna jasotzen ibili gara gu. Hainbat jatorritako herritarrak elkarrizketatu ditugu, eta dokumental labur bat prestatu dugu jasotako testigantzekin. Asteazkenean aurkeztuko dugu, Alondegiko Oxford aretoan, 18:30ean. Idoia Etxeberriak egingo du hitzaldi-aurkezpena. Zatoz Zumaiako aberastasuna ezagutzera!

Badihardugu euskara elkarteko kideok 101 L proiektua jarri genuen abian 2015ean, Euskal Herriko hizkuntzak jasotzeko. Donostian hasi zen proiektua, baina zabaltzen joan da. 2016ko urria-azaroan 27 elkarrizketa egin genituen Zumaian, Udalak eskatuta. Elkarrizketa horiek landu, eta 101 L webgunean jarri ditugu, beste guztiekin batera. 

Etzi, dokumentalaren emanaldia egiteaz gainera, 101 L proiektuari eta Zumaiako elkarrizketei buruzko azalpenak emango ditugu: proiektua nola sortu zen, orain arte egindako lana, webgunearen ezaugarriak... Zumaiako Udalak antolatutako "Euskara, bestela ez gara" hitzaldi zikloaren barruan dago gure aurkezpena. Gonbidatuta zaudete!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia