Tolosako Ahotsak: aurkezpena eta omenaldia

2017ko urr. 31a, 09:58

Atzo iluntzean ekitaldi polita izan genuen Tolosan. Adineko 50 herritar baino gehiago elkarrizketatu genituen herrian, eta jada material gehiena landuta eta sarera igota dago, Tolosako Ahotsak orrialdean. Atzo, proiektua aurkezteaz gain, eskertza eta omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten guztiei.

Atzo arratsaldean izan zen aurkezpen eta omenaldi ekitaldia, Tolosako kultur etxean. Hantxe elkartu ziren, udaleko ordezkariak, Ahotsak.eus proiektuko kideak eta, nola ez, baita Tolosako elkarrizketetan parte hartu duten herritarretako batzuk ere. Izan ere, beraiek ziren omenduak. 

Olatz Peon alkateak egin zuen sarreratxoa, bertaratutakoei ongi etorria eta eskerrak emanez. Ondoren Ahotsak proiektuko Idoia Etxeberriak hartu zuen hitza, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. "Bizimodua izugarri aldatu da urte gutxian. Oraintxe bertan hemen, Triangulo plazan, norbait astoarekin ikusiko bagenu, nor ez litzake harrituko?". Duela hamarkada batzuk arrunta zen: Tolosari "astoen herria" ere esaten zioten. Garai bateko bizimodua jasotzea du helburu proiektuak. Teknologia berrien aroan bizi garela esan zuen Etxeberriak, eta jada ez garela lehen bezala mahaiaren bueltan biltzen. Ehunka urtean pilatutako jakinduria horren transmisioa arriskuan ikusita ekin ziotela lanari: guztiona den ondare hori jaso eta ezagutarazteko. "Beti esaten da nondik gatozen jakin behar dugula nora goazen jakiteko, eta benetan halaxe dela uste dugu". 

Euskalkiak jasotzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Tolosako euskarari ere egin zion erreferentzia Etxeberriak. Tolosako euskarak euskara garbi eta ederraren ospea daukala esan zuen, tolosarrak beraien euskararekin harro daudela. "Euskara denak dira ederrak, baina beste toki batzuetan hiztunak konplexuz beteta daude: euskara traketsa darabiltela iruditzen zaie. Gauza ona da norberaren hizkuntza estimutan izatea, eta bejondeizuela! Segi horrela!". 

Tolosan duela 8 urte hasi ginen 75 urtetik gorakoak elkarrizketatzen. Miren Artetxek egin zituen elkarrizketa gehienak, eta Maddi Soroak eta Idoia Etxeberriak ere egin zituzten batzuek. Guztira 51 lagun elkarrizketatu ditugu. Poliki-poliki eta Tolosako Udalari esker, grabazioen lanketa egiteko aukera izan dugu. Horrenbestez, orain herriko ondarea guztion eskura dago Interneten: Tolosako Ahotsak gunean, 982 bideo pasarte ikus daitezke, eta 104 transkripzio ere badaude.

Atzoko aurkezpenerako prestatutako bideoa ikusi genuen, eta horixe izan zen ekitaldiko une politenetako bat, ikusleei barre eginarazi ziena:

Bideo ikusi ondoren, Joxe Mari Gorrotxategi zutik jarri zen bat-batean, eta tolosar izateaz harro dagoela esan zuen, eta txaloak eskatu zituen herritar guztientzat. Txalo egin zuten guztiek, eta une hunkigarria izan zen. Ekitaldiaren bukaeran, elkarrizketen kopia bana eman zitzaien bertaratutakoei, eta baita aurkezpen bideoaren ale bat ere, nahi dutenean etxean ikusi ahal izateko. Tamalez, 2009tik hona dozena bat elkarrizketatu joan zaizkigu. Irribarre batekin gogoratuko ditugu. 

Ahotsak.eus-eko kideen aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Tolosako Udaleko ordezkariei eta, batez ere, proiektuan parte hartu duzuen tolosar guzti-guztiei, proiektu eder hau posible egin dutelako. Mila esker!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia