Bihar, San Markos eguna: opila jateko eguna
2019ko api. 24a, 13:02
Apirilaren 25ean, San Markos opilak jateko ohitura aspaldikoa da. Amabitxiek eta aitabitxiek besoetakoei oparitzen dizkiete. Sasoi batean etxean egiten zituzten; gaur egun erosi egiten dira. Ahotsak.eus proiektuan Garizuma eta Pazko garaiko opilei buruzko hainbat testigantza ditugu jasota.
Bihar San Markos eguna ospatuko dute Oarso-Bidasoa aldean, eta etxe askotan opila jango dute. Opila bezperan (gaur) ematea da ohitura. Sasoi batean amaidinak (amabitxiak) egiten zuen, besoetakoarentzat, eta arrautzak ipintzen zizkion (haurraren adinaren araberako kopurua). Elizara joan eta bedeinkatu egiten zituzten opilak, ondoren etxean jateko. Gaur egun San Markos opila erosi egiten dute gehienek; gozoa izaten da eta txokolatezko arrautzak izaten ditu. San Markos opilaren ohitura Hondarribian eta Irunen gorde da ondoen, baina Lezon, Pasaian eta Errenterian ere egiten dute.
Lezoko Margari Garbizuri izebak oparitzen zion opila urtero, San Markos egunerako, izen eta guzti, eta elizara eramaten zuen bedeinkatzera:
Amabitxiak besoetakoari opila oparitzeko ohitura beste herri batzuetan ere mantendu da. Debagoienan, esaterako, Garizuma garaiko ohitura da. Karapaixoa deitzen diote. Etxean egindakoa izaten zen lehen, hiruki formako ogia, txorizoarekin eta arrautzekin; gaur egun ogizkoak eta gozoak, bietakoak saltzen dituzte okindegietan. Hona hemen Aretxabaletako Tomasa Erromaratezabalak emandako azalpenak:
Pazko-opila bezala ere ezagutzen dira opil hauek, eta, aldaerak aldaera, badirudi Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan, Bizkaian eta Araban ere gorde dela usadioa hainbat txokotan.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.