Urte berri on! Urte berri txinatarra hasi da

ots. 12, 2021, 9:59 a.m.

Gaur hasi da urte berri txinatarra. Asko dira gurean bizi diren jatorri txinatarreko herritarrak, eta haietako batzuk 101 ELE proiekturako elkarrizketatu genituen. 101 ELE proiektuan Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen dihardugu, kultur aniztasuna bistaratzeko.  

Urte berri txinatarra ez da beti data berean hasten: aurten otsailaren 12an hasiko da, gaur, eta 2022ko urtarrilaren 31n amaituko da. Horoskopo txinatarraren arabera, 2021a Metalezko Idiaren urtea izango da: ordenaren, ahaleginaren eta lan nekaezinaren urtea. Euskal Herrian bertan hainbat lagunek ospatuko dute urte berriaren etorrera. Besteak beste, Yuxuan eibartarraren eta Cristina elgoibartarraren etxeetan. 

Urte berri txinatarraren hasiera aitzakia ederra da 101 ELE proiektua ezagutarazteko, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko egitasmoa. Ez dira 101, baizik eta 111, jaso ditugun hizkuntzak! 2015ean hasi ginen Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen, inguratzen gaituen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera emateko. Izan ere, askotan ez gara jabetzen. Eta pixkanaka-pixkanaka, zenbaki eder eta sinboliko batera iritsi gara: 111. 

Helburu nagusia gure herri eta hirietan hitz egiten diren hizkuntzak jaso eta bistaratzea da. Horixe egin dugu, esaterako, Elgoibarko eta Eibarko ikastetxeetan "Aniztasuna ikasgai" egitasmoarekin (ikus albisteak: Elgoibar eta Eibar). Hona hemen, adibiderako, Eibarko bideo laburra:

Elkarrizketa guztiak 101 L webgunean ikus daitezke. Besteak beste, Donostian eta Zumaian ere egin ditugu elkarrizketak, eta bi dokumental labur ere prestatu ditugu: Donostia eleaniztuna eta Zumaia eleaniztuna

Bertan bizi diren hiztunak elkarrizketatzen ditugu batez ere, baina baita bisitan datozenak ere. Besteak beste hizkuntza gutxituak jasotzen gabiltza; euskararen normalkuntza prozesua erreferentzia da beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunentzat, eta gero eta gehiago dira hemen antolatzen diren jardunaldi eta ikastaroetan parte hartzera datozenak (adibidez, EHUk Gasteizen antolatutako 'Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. Topaketa' eta Garabide elkarteak antolatzen duen 'Hizkuntzak biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa'). Horregatik, gure webgunea hizkuntza gutxituen berri emateko tokia ere ari da bilakatzen.

Egindako grabazioak lantzen ari gara poliki-poliki, eta espero dugu laster denak webgunean ipini ahal izatea. Pasarteka eta gaika antolatzen ditugu, bakoitzak interesatzen zaiona bila dezan.

Jaso ditugun hizkuntzen zerrendan falta den hizkuntzaren bat ezagutzen baldin baduzu, badakizu! Jarri gurekin harremanetan!

ESKERRIK ASKO proiektuan parte hartu duzuen guztioi! Eta urte berri on!

 

Irudian: Yuxuan, Eibarren elkarrizketatutako ikasleetako bat. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia