Koldo Zuazoren azken liburua: "Arabako euskara"

2012ko mar. 28a, 17:34

Koldo Zuazo hizkuntzalariak liburu berria aurkeztu zuen atzo Donostian. Elkar argitaletxearen eskutik "Arabako euskara" liburua argitaratu du. Arabako euskararen ezaugarriak eta historia izan ditu hizpide eta, besteak beste, mendebaleko hizkeren sorgune nagusia Gasteiz izan zela azaldu du, Bizkaia eta Bilbo baino gehiago. Gutxienez, hasierako mendeetan. Elkarrek berak elkarrizketa egin dio eta ETBren webgunean albistearen bideoa ikus dezakegu.

Koldo Zuazo hizkuntzalari eta dialektologo eibartarra irakasle da Gasteizko Letren Fakultatean. Besteak beste, berea da gaur egun gehien erabiltzen den Euskalkien sailkapena eta mapa. Euskalkien eta euskara batuaren inguruko hainbat lan argitaratu ditu, eta oraingoan Arabako euskaran jarri du arreta. Atzo bertan aurkeztu zuen bere liburu berria Donostian.

Dena dela, hau ez da Arabako hizkeren inguruan egin duen aurreneko lana, aspaldi baitabil Zuazo lurralde horretako eta inguruko euskararen testigantzak jasotzen eta horien inguruan ikertzen eta idazten. Adibidez, 1998an "Arabako euskararen lekukoak" argitaratu zuen, Henrike Knör zenarekin batera.

Oraingo honetan aurkeztu duen lan berrian, ordea, azken urteotako azken azterketak eta testigantzak ekarri ditu argira. Izan ere, berak aipatu duen moduan, "Alde batetik, Arabako lekuko bi gehiago ezagutzen ditugu: Araiako Julian Garzia de Albeniz eta Joan Perez Lazarraga. Dudarik gabe, aurkikuntza handia izan da Lazarragaren izkribuak ezagutzea. 2004an gertatu zen hori. Bestalde, toponimia ere hobeto ezagutzen dugu. Dena dela, Arabako mugako hizkerak ezagutzea izan da niretako esanguratsuena: Deba ibarrekoak, Goierrikoak eta Nafarroako Burunda, Ameskoa eta Lana ibarretakoak. Hiru urte eman ditut Urdiainen Burunda aldeko euskara ikasten."

Gainera, orain arte, askorentzat garrantzi gutxiko lurraldea eta hizkera izan da Arabakoa. Aurkako iritzia du, aldiz, Zuazok: "Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba eta, zehatzago esateko, Gasteiz dela uste dut eta handik zabaldu zela inguruetara. Baliteke behin XI. menderako Gasteizen eragina nabaritzen hasita egotea, baina garbi dagoena da eragin hori itzalita zegoela XVI. menderako. Gasteiz oso erdalduntuta zegoen orduko. Gasteizen indarra galtzean, uste izatekoa da gainerako alderdiak euren kasa ibiltzen hasiko zirela eta, beharbada, orduan askatu zen Bizkaia Arabatik. XVI-XVII. mendeetarako behintzat, Bizkaiko euskarak badauka bere nortasuna; orduko “euskalki” beregaina zela esan dezakegu."

Liburuaren eta gaiaren inguruko informazio gehiago Elkarrek egindako elkarrizketan eta ETBren beste albiste eta bideoa honetan.  Zuazoren lanen zerrenda ikusteko, berriz, Ahotsak.com webgune honetan bertan egin dezakezue, Argitalpenen atalean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia