Gerraosteko ikastola klandestinoei buruzko bideoa igo dugu sarera

2018ko ira. 6a, 10:03

Jakin nahi al duzu ezkutuko ikastolak nola sortu ziren eta nola joan ziren zabaltzen? Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin bideo eder hau sortu dugu. 

Euskarazko irakaskuntzaren lehen pausoak 1936ko gerraren aurretik hasi ziren, baina gerra iristearekin batera euskararen aldeko ekimen guztiak bertan behera geratu ziren. Gerraostean, Francoren diktadurapean, euskaraz jardutea galarazi egin zuten. Garai horretan sortu ziren ikastola klandestinoak, oso baldintza zailetan. Horri buruzkoa da Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatu dugun bideoa:

Euskarazko hezkuntzaren ibilbidea jakinaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Izan ere, euskaraz ikasteko aukera izatea gehiago balioetsi dezakete hala. Bideo hau ikastetxeetan erabitzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak ere gertatu ditugu, eta fitxa sortu dugu Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 80 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako.   

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia