"Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak" aditu tituluan, Ahotsak proiektua aurkezten

aza. 18, 2016, 10:03 a.m.

Aste honetan Eskoriatzan egon gara, HUHEZIren fakultatean, Garabidek antolatzen duen Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak aditu tituluan parte hartzen duten ikasleei gure egitasmoa erakusten, Euskal Herriko Ahotsak proiektua, hain zuzen ere. Guretzat plazer bat izan zen bertan izatea eta hainbat herrialdetatik etorritako ordezkarien iritziak jasotzea.

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa Garabidek antolatzen du, Euskal Herriko esperientziak beste herrialdetako ordezkarien artean zabaltzeko eta horien gainean lan egiteko. Aurtengoan ere gure artean egongo dira 10 astez nahuatl, nasa, kitxua, maputxe, maia, aimara, guarani eta bariba kulturetako 18 ordezkari.

Euskal Herriko hamaika egitasmo eta esperientzia aditzeko aukera izango dute eta horien artean Euskal Herriko Ahotsak proiektua ezagutzeko aukera ere bai. Horregatik, Eskoriatzan izan ginen asteazken arratsaldean, pare bat orduz gure orain arteko ibilbidea azaltzen. Asier Sarasua eta Idoia Etxeberria izan ziren bertan, eta Ahotsak-en nondik norakoak azaltzen saiatu ziren, duela 15 urte hasitako egitasmoaren oinarrietatik hasi eta gaur egun duen itxurara arte. Ibilbide horretan zeintzuk izan diren erronkak, zailtasunak, helburu nagusiak, oztopoak, alderdi teknikoak,... ikuspegi praktikoa ematen ahalegindu ginen hitzaldian eta ondorengo iritzi-trukean.

Guretzat plazer bat izan zen gure egitasmoaren berri ematea eta poztuko ginateke beste herrialde batzuetako ahozko ondarea biltzeko ere baliagarri baldin bazaie gure esperientzia.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia