"Gipuzkoa 2.0 elkarlanean" mintegia Donostian

ira. 29, 2010, 7:22 p.m.

Izenburu abstraktu samarra zuen Gipuzkoako Diputazioak gaur goizean Miramongo Teknologia Elkartegian antolatu duen mintegi-gosariak: "Euskal edukiak eremu globalean". Euskara sarean hedatzeko ahalegina egiten ari diren kultur eragile zenbait zeuden gonbidatuta, tartean gu, Ahotsak.com.

Vicent Partal kazetariaren hitzaldiak argitu du bidea: nola lortu hizkuntza gutxitu bat globala edo noranahikoa izatea? VilaWeb.cat egunkari digitalaren sortzaileak horixe izan du hizpide, “google hizkuntza” bihurtzearen beharra. Nola egon Google bilatzailearen lehen 50 hizkuntzen artean eta zein ondorio dituen horrek. Katalanak eta beste hizkuntza batzuek emandako pausoak jarri ditu adibide gisa. Horrexek behar du erronka: euskara "Google hizkuntza" bihurtzea; sarean zabaltzea.

Katalanak euskarak baino askoz erabiltzaile gehiago ditu, baina, Partalen ustez, hori ez da eragozpena Interneten: hiztun kopurua baino garrantzitsuagoa da edukiaren orijinaltasuna, erakargarritasuna. “Eraginkortasunak dakar globaltasuna”. Eta euskarak aski ezaugarri badituela dio hizkuntza lehiakorra izateko, “Europako hizkuntzarik interesgarriena” dela. Hori lortzeko bidean, baikortasuna eta ausardia behar direla esan du. Hori bai, malgutasuna ere funtsezkoa ei da: edukiak partekatzeko askatasuna, Creative Commons bezalako lizentziak.

Edukien erabilera librean izaten diren trabak izan dira, hain zuzen ere, goizeko bigarren zatiko hizketagai nagusiak: egile eskubideak, besteak beste. Mahainguruan bi kazetarik eta bi abokatuk hartu dute parte: Hasier Etxeberria eta Pilar Kaltzada kazetariek eta Jon Artatxo eta Elena Jaka abokatuek. Diru publikoarekin egindakoa publikoa da? Horixe mahai gainean egon den eztabaidagaietako bat.

Gogoetarako hainbat bide ireki ostean, tailerrak egin dira, lau taldetan banatuta. Izan ere, horixe da “Gipuzkoa 2.0 elkarlanean” programaren helburua, jendea lanean jartzea kultur proiektu berritzaileak aurrera ateratzeko.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia