Gernikako bonbardaketaren 76. urteurrena gogoan

2013ko api. 26a, 12:32

1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumoko hiribildua bonbardatu zuen Alemaniako Condor legioak Francoren aginduz. Herria suntsitu eta herritarren artean samina eta ezinegona sortu ostean, gutxi batzuek baino ez zuten lortu herrian bertan bizimodu berria egitea. Une latz haiek bizi izan zituztenen lekukotasunak jasotzeko aukera izan dugu Ahotsak.com-en.

Apirilaren 26 hura astelehena zen, azoka eguna, hain zuzen ere, eta herria jendez beteta zegoen. Bertan bizi ziren 5.000 herritarrez eta Busturialdeko baserritar eta erosle askoz gain, Bizkaiko beste hainbat herritatik zein Gipuzkoa aldetik heldutako errefuxiatuak ere bazeuden.

Luzina Arriolak gogoan du azokatik bueltan zihoan jende asko metrailatuta nola hil zuten:

Gernika-Lumo Bizkaiko eta Euskal Herriko ikur garrantzitsuenetarikoa zen baina erasotzaileek ez zuten apurtu beren helburu nagusia: Errenteriako zubia. Porrot hori tarteko, erasoa ez zuten guztiz arrakastasutzat jo. Hala ere, erasoak zibilak sarraskitu zituen, eta hiria suntsitu.

Enrique Aranzabalek oso gertutik bizi izan zuen bonbardaketa. Auzoko batzuei etxea gainera jausi zitzaien:

Ezinegonak hartu zuen herria, baita inguruak ere, bonbardaketaren ostean. Babeslekuetatik irten eta...: "Non daude gureak?", "Nora joango gara?", "Zer egingo dugu?"...

Iluntzean, ez zen iluntasuna heldu Gernikara, nahiz eta dena beltz kolorekoa izan. Garren artean batetik bestera zebiltzanen txilioak, negarrak eta intziriak ziren nagusi. Larritasun hori noraezean bizi izan zuten gure hainbat lekukok, horietako batzuk sekula ez zuten bere etxekoen berririk izan gehiago.

Kontxi Arrienek oroitzapen gogorrak ditu galdutako senideen inguruan:

76. urteurren hau gogoratzeko, Gernikako “Lobak” ekimenak hainbat ekitaldi jarri ditu martxan. Esaterako, gaurtik aurrera zabalik den “Memoriaren babeslekua” erakusketa kolektiboa; bertan ere entzun ahal izango dira Ahotsak-en jasotako gernikarren hitzak.

Egunotan, Gerra Zibileko testigantza guztiak biltzen dituen Gerrako Ahotsak izeneko webgunearen berri ere eman dugu (albistea hemen). Gerraren inguruko bizipenak, protagonisten oroimenetik zuzen-zuzenean jasotzen dituzten 2.000 bideo baino gehiago bildu ditugu bertan.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia