Gazte Gara Gazte proiektua aurkeztuko dugu Iruñean, Sarean Euskaraz jardunaldietan

aza. 5, 2018, 1:09 p.m.

Sarean Euskaraz jardunaldietan izango gara bihar eta etzi, Iruñeko Baluarten. DBHko eta Batxilergoko 1.000 ikasle inguru bertaratuko dira, eta besteak beste Gazte Gara Gazte proiektuaren berri izango dute.

Euskarazko kultura digitalaren II. jardunaldiak antolatu dituzte, Iruñean, bihar eta etzi: Sarean Euskaraz. Goizeko saioak DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat izango dira; arratsaldeko saioak, berriz, irekiak. Goizeko saioetan izango gara gu, Gazte Gara Gazte proiektua aurkezten. Iaz bezalaxe, Izaskun Gaston Ahotsak.eus proiektuko kideak emango ditu hitzalditxoak. 13 ikastetxetako 1.000 ikasle inguruk eman dute izena, eta sei txandatan banatuko dituzte. 

Zer da Gazte Gara Gazte? Ahotsak.eus proiektuan 15 urte daramatzagu ahozko ondarea jaso eta zabaltzen. Adinekoak elkarrizketatzen ditugu batez ere, badakizue. Hori bai, 2014az geroztik gazteei ere hitza ematen ari gara, aisia eta euskara gaiak ardatz hartuta. Halaxe sortu zen GGG proiektua eta webgunea. Dagoeneko 102 gazte elkarrizketatu ditugu, Euskal Herri osoan. Haien bideo pasarteak webgunean ikus ditzakezue. Eta ez hori bakarrik: gazte hiztegia ere badaukagu, 1.700 sarrerarekin. Bideoteka atalean, berriz, gaikako hainbat bideo daude, gazteen testigantzekin osatutakoak. 

Hitzaldi eta tailer interesgarri gehiago ere izango dira Sarean Euskaraz jardunaldietan. Alde batetik, IKTen erabilera ardatz duten euskarazko lau egitasmo aurkeztuko zaizkie ikasleei (Interneten ere lehen hitza euskaraz, Gazte Gara Gazte, Booktegi eta Elhuyar hiztegiaren APPa) eta, horrez gain, sarea erabiltzerakoan pribatutasuna zaintzeko aholkuak jasoko dituzte. Bestetik, zortzi lantegi izango dira ikasleentzat, gai eta molde oso ezberdinetakoak: musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak, errealitate birtuala, bideo mapping-a, 3D inprimagailuak, Raspberry Pi, AppInventor, Arduino, esparru birtualeko harreman afektibo-sexualak...

Irudian, iazko hitzaldietako batean, Gazte Gara Gazte proiektua aurkezten.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia