Gaurtik abenduaren 8ra Durangoko azokan

abe. 5, 2019, 3:38 p.m.

Gaur zabaldu ditu ateak 54. Durangoko Azokak eta bertan izango gara aurten ere. Badihardugu Elkartea-Ahotsak.eus stand-ean euskararen inguruko Euskal Herri osoko argitalpenak aurkituko dituzu. Animatu eta zatoz!

Aurpegi berriarekin dator aurtengoan Durangoko Azoka. Izan ere, 30 urtean lehenengo aldiz erakusmahaiak berritu dira. Guztira 264 erakusmahai egongo dira Landakon, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari... Horrez gain, urtez urte gehituz doazen aurkezpen eta ekitaldiek egitarau gero eta oparoagoa eskaintzen dute azokak irauten duen egunetan.

Badihardugu Euskara Elkarteak 15 urte daramatza Durangoko azokara joaten. Aurten ere euskara eta euskalkien inguruko argitalpenak jendearen eskura jartzea da gure asmoa. Hasierako urteetan Deba Ibarreko argitalpenak bakarrik biltzen genituen gure stand-ean, baina pixkanaka eremua zabalduz joan gara eta Euskal Herri osoko lanak batzen ditugu azken urteotan: Eibarko euskararen inguruko hainbat lan, Zarautz hizketan, Getaiko euskera, Beasaingo euskara, Zaldibar berbarik berba, Derioztarren euskara, Elorrixoko berbetia, Oñatiko euskeria, Biarnoko euskaldunak historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean...

Horrez gain, transmisioa helburu duten argitalpenak ere aurki daitezke gure stand-ean, ume eta gaztetxoentzat prestatutakoak. Adibiderako, 2017an kaleratu genuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburua eta dvd-a.

Hauek guztiak eta gehiago Durangoko Azokan aurkitu ahal izango dituzue , Badihardugu Elkartea-Ahotsak.eus stand-ean, Barrenkale 37an, gaur hasi eta abenduaren 8ra bitartean. Animatu eta etorri!

 

 

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia