Desagertutako bi lanbideri buruzko bideoa ikusgai: farolariak eta serenoak

urr. 18, 2018, 10:20 a.m.

Farolariak eta gauzainak, garai bateko bi ogibide horiei buruzko testigantzekin bideoa prestatu dugu. Horretarako, Ahotsak.eus proiekturako egindako elkarrizketak baliatu ditugu.

Ezagutu dituzu gauzainak? Eta farolariak? Duela hamarkada batzuk desagertu ziren ogibideak dira, gaueko lanbideak. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako adineko askok hitz egin digute lanbide horiei buruz, eta bideoa prestatu dugu:Serenoen lanbidea nahiko zabalduta zegoen: hirietan ez ezik, herrietan ere bazeuden gauzainak. Farolariak, berriz, ez ziren hain ohikoak, toki askotan ez baitzegoen gasezko farolarik. Guk jaso ditugun testigantzak Donostiakoak dira: han hainbat kaletan zeuden gasezko farolak. Izan ere, Donostian gas lantegia zegoen, eta gasa ipini zuen lehenengoetakoa izan zen. 

Bideo hau Eusko Jaurlaritzaren babesarekin egin dugu, eta ikastetxeetan erabiltzeko proposamen pedagogikoak ere gertatu ditugu, eta bideo-fitxa sortu Ikasgelan webgunean. DBHko Euskara eta literatura ikasgaian erabiltzeko gertatu dugu, ahozko baliabideak lantzeko. Edukiari ez ezik, kontatzeko moduari ere erreparatu diogu, beraz. Ikasleei ahozkotasuna lantzeko tresnak ematea da helburua, bide batez antzinako ogibide batzuk ezagutzeko bidea ere emanez. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea ikastetxeetara bideratzeko sortu genuen: lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak lagun hartuta. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia