"Euskararen kontrako jarrerak, gerraostean" bideoa prestatu dugu

uzt. 17, 2018, 11:30 a.m.

Francoren garaian euskara oso zapalduta egon zen. Asko dira garai ilun hori nolakoa zen kontatzen duten lekukoak. Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin bideoa osatu dugu, gertatu zena ezagutarazteko. 

Euskararen kontrako jarrerak ugariak izan dira historian zehar, eta bereziki Gerra Zibilaren ondoren, frankismoan. Euskaraz hitz egitea galarazi zuten. Eskoletan, nahiko ohikoa zen euskaraz aritzeagatik zigortzea. Kalean, berriz, toki batzuetan ez zuten debekua betearazten, baina beste batzuetan bai. Donostian, esaterako, isunak ere jartzen zituzten. Bideoa prestatu dugu Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako adinekoen testigantzekin. 

Gertatu zena jakinaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan erabitzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak ere gertatu ditugu, eta fitxa sortu dugu Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin dugu bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 80 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia