Errenteriako Ahotsak: aurkezpena eta omenaldia

2015ko abe. 2a, 18:06

Atzo iluntzean ekitaldi polita izan genuen Errenterian. Adineko 40 herritar baino gehiago elkarrizketatu genituen herrian, eta jada material gehiena landuta eta sarera igota dago, Errenteriako Ahotsak orrialdean. Atzo, proiektua aurkezteaz gain, eskertza eta omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten guztiei.

Atzo arratsaldean izan zen aurkezpen eta omenaldi ekitaldia, Errenteriako Udaleko pleno aretoan. Hantxe elkartu ziren, udaleko ordezkariak, Ahotsak.eus proiektuko kideak eta Errenteriako elkarrizketetan parte hartu duten herritarretako asko.

Garazi Lopez de Etxezarreta euskara zinegotziak egin zuen sarreratxoa, eta ondoren Ahotsak proiektuko Idoia Etxeberriak eta Edurne Zabalak hartu zuten hitza, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Edurnek egin zituen elkarrizketa gehienak, 2010. urtean, eta izandako esperientzia eder eta aberasgarria gogoratu zuen. Bertso Eskolakoek prestatutako bi bertso ere kantatu zituen, eta horixe izan zen omenaldiko momentu hunkigarrienetako bat.  

Testigantzekin osatutako aurkezpen bideoa ikusi ondoren, Julen Mendoza alkateak hitz egin zuen. Jasotako lekukotasunen balioa nabarmendu zuen, eta herritarrei eskerrak eman zizkien. Gero elkarrizketen kopia bana eman zitzaien bertaratutakoei, bakoitzari berea, eta alkatearen eskutik jaso zituzten, txalo artean. Eta bukatzeko, talde-argazki ederra atera genuen (alboan). 

Errenteriako Ahotsak proiektua duela bost urte hasi zen. 40 elkarrizketa baino gehiago egin genituen orduan, Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza batekin. Handik hona eta Errenteriako Udalari esker, grabazioen lanketa egiteko aukera izan dugu. Horrenbestez, orain herriko ondarea guztion eskura dago Interneten. Errenteriako orrian, 1.200 bideo pasarte daude identifikatuta eta gaika sailkatuta, erraz bilatzeko moduan. Pasarte horietako 1.000k baino gehiagok bideoa on-line dute, ikusteko eta entzuteko moduan, eta 110 pasarteren transkripzioak ere badaude.

Ahotsak.eus-en aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Errenteriako Udaleko guztiei eta, batez ere, proiektuan parte hartu duten errenteriar guzti-guztiei. Mila esker!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia