Eibarko bonbardaketaren lekuko: "Refujixua jendez beteta egoala, bonbia barrura sartu zan"

2018ko api. 25a, 10:02

1936ko gerran frontea luzaroan egon zen Eibarren, eta herriak hainbat eraso jasan zituen. Apirilaren 25ekoa izan zen gogorrena, herritar askoren heriotza eragin zuen bonbardaketa. Ikus Ahotsak proiektuko lekukoen testigantzekin osatutako bideo laburra.  

Durangokoa eta Gernikakoa dira ezagunenak, baina bonbardaketa gogor asko izan ziren 1937ko udaberrian, besteak beste Eibarren, txiki-txiki eginda geratu zen herrian. Hona hemen Eibarko bonbardaketaren harira prestatutako bideo bat, Ahotsak proiektuan jasotako testigantzekin osatutakoa; Maialen Lujanbio bertsolariak bonbardaketaren 75. urteurrenean kantatu zituen bertsoak ere badatoz:

1936ko irailaren bukaeratik 1937ko apirilera arte, 7 hilabete luzez, gerrako frontea Eibarren egon zen. Toki estrategikoa zen Eibar, errepublikazalea eta armak zituena, armaginen herria izaki. Borroka gune izateaz gainera, behin baino gehiagotan bonbardatu zuten hegazkin frankistek.

Apirilaren 25ekoa izan zen erasoaldi gogorrena: Eusko Jaurlaritzaren zenbaketaren arabera, 74 hildako eta 97 zauritu eragin zituen bonbardaketa horrek. Herritar batzuen esanetan, berriz, ehundik gora hil ziren. Herria birrinduta geratu zen. 

Mola jeneralak aginduta, gerra hegazkin alemaniar eta italiarrek hainbat herri bonbardatu zituzten Gipuzkoan zein Bizkaian. Eibarren 1936ko abuztuaren 29an bota zituzten lehen bonbak. Hurrengo asteetan, gehiagotan ere pairatu zituen bonbardaketak, eta agintariek aterpe inprobisatuak prestatu zituzten, 16 guztira. Herria ebakuatzeko deia egin zuten 1936ko irailaren 21ean, kolpistek Elgoibar hartu zutenean. Handik egun batzuetara, berriro bonbardatu zuten Eibar. Hala ere, borroka lerroari eustea lortu zuten hainbat hilabetez. 

1937ko apirilaren 24an eta bereziki 25ean, ordurako artilleriak nahiko txikituta utzitako herria Gezi Beltzak italiar hegazkinek bonbardatu zuten: zazpi tona bonba baino gehiago jaurti zituzten. Herritar gutxi geratzen ziren bertan, apirilaren 20an beste ebakuazio deialdi bat egin zutelako. Baina bonbetako batek babeslekuetako bat jo zuen, eta bertan ezkutatuta zeuden herritar askok galdu zuten bizitza. Bidebarrieta aldea eta beste eremu asko suntsitu zituzten. Herrian sutea zabaldu zen. 

Gudua galduta ikusita, herria defenditzen aritutako miliziano batzuek ibilgailu blindatu batekin eraikinei eraso egiten hasi ziren, ibilgailua matxuratu zitzaien arte; matxurak eragotzi egin zuen kalte gehiago gertatzea. Apirilaren 26an bertan, Mola eta Soltxagaren armada Eibarrera sartu zen. Gernikan egingo zuten moduan, eta ibilgailu blindatuaren gertaera aitzakia moduan hartuta, frankistek errepublikazaleei leporatu zieten Eibar suntsitu izana. Haiek ateratakoak dira goiko bideoan agertzen diren irudiak.

 

 

 

Ikus II. Errepublikaren aldarrikapenaren bideo laburra ere. Gerrari buruzko pasarte gehiago: gerra.ahotsak.eus webgunean. Eta Eibarko orduko argazkiak Egoibarra.eus webgunean.

 

Irudian, bonba batek Eibarko O´Donnell kalean eragindako zuloa. Argazkilaria: Indalecio Ojanguren

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia