Durangoko eta Elorrioko bonbardaketak, duela 81 urte

Mar. 28, 2018, 8:52 a.m.  ¦ 

Martxoaren 31n, duela 81 urte, Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten hegazkin italiarrek, eta guztira 350 hildako inguru eragin. Bideo labur bat prestatu dugu egun beltz hura gogoratzeko. 

 

Zorigaiztoko gertaera bat gogoratu beharrean gaude, Aste Santuarekin batera. Martxoaren 31 dolu eguna da Durangon eta Elorrion. 81 urte dira Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek Bizkaiko bi herriak bonbardatu zituztela, Francoren aginduz. 1937ko egun beltz hura gogoratzeko, Durangoko lekuko batzuen testigantzekin osatutako bideo labur bat prestatu dugu.

Europako populazio zibilaren aurka airetik egindako lehen erasoa izan zen martxoaren 31koa. Bonbak jaurti zituzten lehenengo, eta ondoren beherago jaitsi, eta batera eta bestera ihesi zihoazen zibilak metrailatu zituzten. Eraso mota horren eragina neurtzeko asmoz egindako esperimentua izan zen (airetik argazkiak ere atera zituzten, txikizioa dokumentatzeko). Eragina itzela izan zen: guztira 350 pertsona inguru hil zituzten, denbora gutxian. Horietako gutxienez 336 Durangon. Italiarrek "pipistrelli" ipini zieten izena hegazkin haiei: saguzaharrak. Soriatik abiatu ziren.

Durangon eta Elorrion 08:30 inguruan entzun zituzten lehen bonba hotsak, bietan batera. Durangon Santa Anako kanpaiek arriskuaz ohartarazi zutenean, durangar batzuek babeslekuetara joan ziren, babes handirik ematen ez bazuten ere. Durangon lau tona leherkari jaurti zituzten goizean zehar, eta arratsaldean bueltatu egin ziren; bonbak jaurtitzen segitu zuten, tren geltokian eta kanposanturako bidean batez ere. Zibilak ametrailatzen ere aritu ziren, airetik. Bonbek hainbat eraikin suntsitu zituzten Durangon: besteak beste jesuiten eliza, apaiza meza ematen zegoela: 50 lagun hil ziren, gehienak emakumeak. Andra Mari elizan ere mezetan zeuden, eta han ere bonbek hildako ugari eragin zituzten. Elizan zein atariko arkupeetan; azoka zegoen bertan. Eta Santa Susana komentuan 11 moja hil ziren. Elorrion, berriz, hegazkin italiarrek bi erasoaldi egin zituzten, eta kalteak Durangon baino txikiagoak izan baziren ere, gutxienez 10 lagun hil ziren. 

Baina erasotzaileek ez zuten horrekin etsi. Durango berriro bonbardatu zuten, handik egun gutxira: apirilaren 2n. Egun horretan ez zen hildako asko izan, jende gutxi geratzen baitzen herrian. Ondorengo egunetan, beste herri batzuetan ere gauza bera egin zuten. Otxandio, Irun, Donostia, Eibar, Bilbo, Legutio... Gernikako bonbardaketa da ezagunena, sarraski handiena bertan egin zutelako. Gernikan eraikinen ehuneko 1 bakarrik geratu zen zutik, eta 2.000 herritar inguru hil zituzten, apirilaren 26an.

Ahotsak.eus proiektuan gerarri buruzko ehunka testigantza ditugu jasota. Gaika sailkatuta ditugu, gerra.ahotsak.eus webgunean.  

Argazkia: Durangoko erdigunean dagoen Andra Mari eliza bonbardaketa ostean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia