Desagertzeko zorian dauden 32.000 hitz bildu dituzte Estatu Batuetako hizkuntzalariek
2012ko api. 12a, 12:10
Desagertzear dauden 8 hizkuntzatako 32.000 hitz jaso dituzte National Geographic Society eta Arriskuan dauden Hizkuntzen aldeko Hizkuntza Bizien Erakundeko zientzialariek 8 audio-hiztegitan.
Gaur egun, 7.000 hizkuntza hitz egiten dira munduan; eta, XXI. mendean, horien erdia baino gehiago desagertu egingo da. Hizkuntza horietako bat da matukarra: Ozeaniako bi herrixkatan bakarrik gordetzen da, eta 600 hiztun ditu. Inoiz grabatu edo idatzi ez den hizkuntza da; eta, beraz, desagertzen denean, berarekin batera desagertuko da kultura osoa. Hori gerta ez dadin, Oregonen (AEB) dagoen Arriskuan dauden Hizkuntzen aldeko Hizkuntza Bizien Erakundeko zientzialari talde batek bi urte eman ditu matukarraren azken hizlariak elkarrizketatzen. Ziur asko, hizkuntza desagertu egingo da; baina, behintzat, grabazioak gordeko dira.
Otsailean, hizkuntza-salbatzaile talde horrek 8 audio-hiztegi aurkeztu zituen, desagertzeko zorian dauden 8 hizkuntzari buruzkoak. Guztira, ahaztear dauden 32.000 hitz salbatu dituzte: Ozeaniako matukarraz gain, Paraguay iparraldean 1.200 hiztunek hitz egiten duten Chamacocoak; Indiako remo, sora eta ho hizkuntzetakoak; Siberia eta Mongoliako herri nomaden tuvan-ekoak; eta hizkuntza zeltikoen ahotsak.
Baina Oregongo zientzialari horiek ez dute oso urrutira bidaiatu beharrik, desagertzeko zorian dagoen hizkuntza bat aztertzeko. Oregonen bertan, siletz dee-ni hizkuntzaren hiztun gutxi batzuk geratzen dira. Gaur egun, herriko eskolan, audio-hiztegia erabiltzen dute gazteenei hizkuntza amerindiar hori erakusteko.
Hizkuntza Bizien Erakundeko zuzendariak, Gregory Andersonek, urteak daramatza munduko ahotsak berreskuratzen. Elkarrizketa batean adierazi zuenez, Espainian badira mehatxatuta edo egoera ahulean dauden hizkuntzak: besteak beste, aragoiera, asturiera eta Aran bailarako gaskoia. Baina euskara ere hizkuntza mehatxatuen artean sartzen du; batez ere, leku batzuetan. Hala ere, oraingoz erakunde horrek ez du Espainian lan egiteko asmorik.
Bestalde, Ethnologue-k, munduko hizkuntzen bibliak, desagertzeko zorian dauden 473 hizkuntza dokumentatu ditu: horietako askok, 50 inguruk, hiztun bakarra dute; hortaz, hiltzat jo daitezke, beste inorekin ezin baitute hitz egin. Hizkuntza horiek dira, adibidez, Kamerungo bikya, Brasilgo lakondê eta Chileko yámana. Baina Europak ere baditu hiltzear dauden hizkuntzak; besteak beste, Poloniako wymysorys, 70 hiztunekin; Letoniako liv, 15ekin; eta Greziako hellenoromani 30rekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.