Batxilergoko ikasleek egindako grabazioak Ahotsak-era ekarri ditugu

mai. 15, 2018, 1:31 p.m.

Donostiako San Ignacio ikastetxeko ikasleek elkarrizketak egin dituzte aurten ere, ahozko ondarea jasotzeko. Euskara ikasgairako egin dituzte, Gorka Lekaroz irakaslearekin, eta Ahotsak.eus proiektuan jaso ditugu. 

San Ignacio ikastetxeko ikasleak duela bost urte hasi ziren ahozko ondarea jasotzen. Euskara ikasgaiko Gorka Lekaroz irakasleari bururatu zitzaion ikasleak lan hori egiten jartzea, eta ideiak harrera ona izan zuen. Euskalkiak lantzea da helburuetako bat, ikasleak batua ez den beste euskara batzuetara hurbilaraztea. Ondoren, eskolan egindako lanketak Ahotsak.eus proiektura ekartzen dituzte. Batxilergoko 2. mailako ikasleen lau grabazio jaso ditugu aurten: Etxalarko Mabel Etxarte, Donostiako Ricardo Elizalde, Zarauzko Arantxa Larrañaga eta Isabel Larrañaga ahizpak Lezoko Jose Ramon Rezola elkarrizketatu dituzte. 

Elkarrizketa guztiak hementxe ditugu jasota, San Ignacio ikastetxeko proiektuaren gunean, eta grabazio bakoitza dagokion herrian ere agertzen da. 44 grabazio jaso ditugu orain arte. Binaka egindako elkarrizketak dira gehienak. Beraz, 88 ikasle inguruk hartu dute parte ahozko ondarea jasotzen. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta bereziki Gorka Lekarozi, bera baita proiektuaren sortzaile eta bultzatzailea, urtez urte. Mila esker! 

Argazkia: Arantxa eta Isabel Larrañaga ahizpak elkarrizketatzaileekin, Leire Agirre eta Nora Dominguezekin.  

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia