Agur Ramon Zubizarreta `Landakanda´ pandero-jotzaile ezagunari
2021ko ira. 28a, 16:14
Larunbatean utzi gintuen Azkoitiko Landakanda pandero-jotzaile ezagunak 88 urterekin. Soinu-jotzaile askorekin ibili izan zen arren, Lajarekin batera Euskal Herriko trikitilari bikote ospetsuena osatu zuen urte luzez. Hark kontatutako hainbat kontu Ahotsak.eus-en jasota geratu dira.
Azkoitiko Landakanda kale-baserrian jaio zen Ramon Zubizarreta 1932an. 12-13 urterekin hasi zen panderoa jotzen. Pikua, Maltzeta eta Laja soinu-jotzaileekin ibili izan zen, besteak beste. Duela bi urte zendu zen Iñaki Garmendia Lajaren aldamenean Euskal Herriko bikote ospetsuenetakoa osatu zuen eta urte luzez ibili ziren elkarrekin plazaz plaza eta erromeriz erromeri. Txapelketetan ere behin baino gehiagotan parte hartu izan zuen Landakandak eta baita bi txapel irabazi ere Euskal Herriko txapelketan, Lajarekin batera. Horrez gain, lau disko kaleratu zituzten eta beste hainbatetan parte hartu ere bai.
2008an Ahotsak proiekturako egindako elkarrizketan han eta hemen panderoa jotzen bizitako hainbat pasadizo kontatu zizkigun Landakandak. Besteak beste, lehengusuak ikusita bere kabuz ikasi zuela panderoa jotzen. Hasi berritan, behin dolar bat eman omen zion Ameriketatik etorritako oikiar batek:
2021eko otsailean utzi gintuen Laja eta Landakandarekin urte askoan hirukotea osatu zuen Kruz Mari Alberdi `Poxpi´ saxofoi-jotzaileak ere. Honela hitz egin zigun Laja eta Landakari buruz 2008an egindako elkarrizketan:
Landakandaren bizipenak liburu batean jasota utzi zituen Miel Anjel Elustondok. Izan ere, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkarguz, haren biografia kaleratu zuen 2011n: Landakanda, panderoaren erregea. Liburuarekin batera dvd-a ere kaleratu zen eta bertan 1963an hasi eta 2005era bitartean Landakandak soinu-jotzaile ezberdinekin jotako hainbat pieza entzun daitezke.
Atzo eman zioten azken agurra Landakandari bere herrian. Euskal Herri osoko trikitilariak gerturatu ziren eta trikiti-doinu artean agurtu zuten pandero-jotzaile askorentzat erreferentea izan den maisu handia.
Doluminak haren senide eta gertukoei.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.