Agur "Iturbide"ri, panderoarekin festa giroa zabaldu zuen azpeitiarrari

2023ko ira. 14a, 09:42

Imanol Arregi "Iturbide" pandero jotzailea hil da, 87 urterekin. Festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen iaioa zen azpeitiarra. Kontalari bikaina ere bai: Ahotsak.eus proiekturako hainbat elkarrizketa egin genizkion, 2009an eta 2010ean.

Imanol Arregi Zubizarreta "Iturbide" (1935, Azpeitia), Loiolako Iturbide baserrian jaioa, hamar senidetan zaharrena zen. Baserriko bizimodua izan du beti. Osaba pandero jotzailea zuen, 'Sakabi'rekin eta 'Auntxa'rekin ibilitakoa, eta haren eraginez hasi zen panderoa jotzen, 16 urterekin. Hasieran etxean panderorik ez, eta igitaia joz ikasten ei zuen. Soldaduskan zela heldu zion serioago, baina orduan ere bere kasa. Imanolek beti izan zuen ikasteko zaletasuna eta gogoa, eta ederki saiatu zen panderoarekin ere; "festaren bokazioa" zuela esaten zuen berak. Izan ere, trikitizalea, dantzazalea eta festazalea zen.

Txapelketetan ibili zen pandero jotzaile moduan, baita erromeria ugaritan ere. 'Pikua', 'Errota', 'Epelde' eta 'Laja' soinu jotzaileak izan zituen bikotekide, besteak beste. Hiru txapelketa irabazi zituen (1974an, 1975ean eta 1977an) 'Laja'rekin batera eta 1985ean beste bat, Miren Etxaniz hernaniarrarekin. Hainbat diskotan hartu zuen parte: Enrike Zelaiarekin, 'Laja'rekin eta 'Auntxa'rekin. Trikitilarien lanari balioa ematen lan handia egin zuen. 

Ahotsak proiekturako egindako grabazioetatik lehenengoa soilik dago landuta eta sareratuta momentuz, haurtzaroko kontuak kontatzen dituena, Juan Ezenarrorekin batera. Konfesatzean gertatutako anekdota barregarri bat kontatzen du bideo-pasarte honetan:

2017an Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak omenaldia egin zion. Orduan, Amagoia Gurrutxaga Berriako kazetari eta idazle matxinbentarrak 'Iturbide, igitai jolea' izenburudun liburua idatzi zuen. Informazio gehiago izateko, ikus Berria egunkariko artikulua, Naizekoa eta Uztarriakoa

Irudian, Iturbide bere etxe atarian, panderoarekin (iturria: Uztarria)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia