Trans izatea, transfeminismoa eta transfobia hizpide, ostiralean Donostian

2023ko api. 19a, 12:54

Donostiako Emakumeen Etxean "Trans izatea, transfeminismoa eta transfobia" izeneko saioa antolatu dugu Badihardugu euskara elkartetik: bideo-emanaldia eta solasaldia. Apirilaren 21ean izango da, 18:30ean. Bi bideo ikusteko aukera egongo da, eta ondoren iritzi-trukea egingo dugu. 

Trans izateko modu asko daude. Ezagutzen ditugu? Zer desberdintasun dago transgeneroa eta transexuala izatearen artean? Zer da transfeminismoa? Nolatan sortu dira diskurtso transfoboak feminismoan? Gai horien inguruan hausnartzea da ostiral honetan Donostiako Emakumeen Etxean egingo den saioaren helburua. Horretarako, bi bideo ikusteko aukera izango da: bata, bi neska transen testigantzez osatua eta bestea transfeminismoari eta transfobiari buruzkoa. Ondoren, bertaratutako guztien artean solasaldia egingo da, iritziak, ekarpenak eta hausnarketak partekatzeko. 

Badihardugu elkarteko kideok antolatzen dugun hirugarren eta azken saioa da. Aurrekoak bezala, Idoia Etxeberriak gidatuko du. Lehenengo saioan, urtarrilaren 24an, Donostiako mugimendu feministaren hastapenak izan ziren hizpidea, 70eko hamarkadako giroa, eta oso giro polita sortu zen (ikusi albistea). Bigarrena martxoaren 7an izan zen, eta emakumeek kulturgintzan dituzten mugei buruz jardun genuen: musikagintzan, bertsolaritzan eta literaturan (hemen albistea). 

Bideoetan Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak datoz. Ahotsak.eus Badihardugu elkartearen proiektu nagusia da. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea du helburu. Asko eta asko dira elkarrizketatzen ditugun emakumeak, eta jasotako testigantzekin hainbat ikus-entzunezko prestatu ditugu. Horietako batzuk ikastetxeetan genero-ikuspegia lantzeko; bideo gehienak Ahotsak Ikasgelan webgunean daude erabilgarri, baita ostiralen Donostian erakutsiko dugun "Trans izatea" ere. 

Goiko irudian martxoko saioko une bat ageri da. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia