Bergarako euskalgintzari buruzko liburua aurkeztu genuen ostiralean, "Izotz ondoko eguzki"

2023ko abe. 5a, 13:41

Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak idatzitako Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980 izeneko liburuaren aurkezpena egin genuen Bergaran, aurreko ostiralean, Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. Pleno aretoa bete egin zen eta liburuak oso harrera ona izan zuen. Durangoko azokan egongo da salgai. 

Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980. Gerraostean Bergaran euskalgintzaren mugimendua nolakoa izan zen azaltzen duen liburua aurkeztu genuen, aurreko ostiralean. Iluntasunaren osteko argi printzak jasotzen ditu. Pleno aretoa bete egin zen eta oso giro polita sortu zen. Aurkezpenaren osteko luntxean ere gustura egon ziren bertaratutakoak, "Izotz ondoko eguzki" abestia kantatzen. Liburua Bergarako udaletxean dago salgai eta baita Durangoko azokan ere, Badihardugu elkartearen estandean, 10 euroren truke. 

Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak idatzi du liburua, Bergarako Udalaren enkarguz eta Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. Aurkezpena 19:00etan zen, Bergarako udaletxean. Liburuko protagonistetako asko zeuden hantxe, euskalgintzaren historia jasotzeko elkarrizketatutakoak. Lehenengo, bideo labur bat ikusteko aukera egon zen, Urretxindorrak taldearen "Aitorren hizkuntz zaharra" abestia eta 60ko eta 70eko hamarkadetako irudiak batzen zituena:

Ekitaldian Gorka Artola Bergarako alkateak hartu zuen hitza: "Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da, nola aurrera egin jakiteko", esan zuen. Euskal Herria estali zuen izotza urtzea lortu zuten herritar guztien lana txalotu zuen Artolak: "Gaur egun ere euskara bidegurutzean da eta badaude izozteko saiakerak, baina, zuek egindako horretatik ikasita, jakingo dugu aurrera nola egin". Ondoren Eider Usobiaga euskara zinegotziak Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren nondik norakoak aletu zituen: sorrera eta prozesua. Azkenik, Idoia Etxeberriak liburuaren edukiari buruz eta liburua egiteko prozesuari buruz jardun zuen. Liburuan parte hartu duten guztien laguntza eskertu zuten, eta baita Udalak sortutako batzorde eragileko kideena ere; Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Jaione Isazelaia, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi, Eneko Oregi eta Estepan Plazaola bereziki. Izan ere, haien parte-hartzea ezinbestekoa izan da.

Liburuan euskararen biziberritzearekin lotutako hainbat gai jorratzen dira: euskarazko irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, UNEDeko euskal departamenduko ikastaroak, antzerkia, musika taldeak, bertsolaritza, dantza, kultur elkarteen lana, umeen euskarazko aisialdia... garai hori bizi izan zuten protagonisten bizipenek janzten dute liburua. Koloretsua eta alaia da, argazki eta irudi askokoa. 

Helburua herrian euskalgintzan egin den ibilbidea jaso eta zabaltzea da, eta baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako. 2020. urtean sortu zen proiektua (ikus prentsaurrekoko albistea) eta ibilbide polita egin du: guztira 33 herritar elkarrizketatu ditugu eta haien testigantzak ahotsak.eus webgunean ikus daitezke. Grabazioak landu ondoren, 20 minutuko ikus-entzunezkoa prestatu genuen. Iazko abenduan Udalak erakusketa antolatu zuen, Aroztegi aretoan (erakusketan, informazio-panelez eta ikus-entzunezkoaz gainera, hainbat material dago: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak…), eta hitzaldia ere egon zen.

Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik dabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Bergarako AhotsakEuskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu dituzte urteen joan-etorrian: guztira 197 hiztunen testigantzak. 3.800 bideo-pasarte eta 670 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Argazkiak: Goian, talde eragileko kideetako batzuk Bergarako alkatearekin, liburuaren aurkezpenean. Ezkerretik hasita, zutik Jerardo Elortza, Eider Usobiaga, Idoia Etxeberria, Estepan Plazaola, Gorka Artola, Jaione Isazelaia eta Arantzazu Oregi; makurtuta Ekaitz Aranberri, Anaje Narbaiza eta Juan Martin Elexpuru. Beheko argazkian, aurkezpeneko une bat. Iturria: Goiena

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia