Abian da Gasteizko Ahotsak egitasmoa

2015ko eka. 26a, 09:49

Crowdfoundingaren bidez finantziazioa lortuta, 13 elkarrizketa egin ditugu Gasteizen. Jasotako testigantzekin, ikus-entzunezkoa prestatzea da hurrengo pausoa. 

Urteak daramatzagu euskalkiak jasotzen, herriz herri. Eta Gasteiz ez zegoen gure ahotsen mapan. Gasteizko euskalkia aspaldi galdu baitzen. Hori bai, Gasteizen euskara bizi-bizirik dago. Are gehiago: euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zitzaigun ahots horiek jasotzea. Euskararekin lotutako sentipenak. Eta Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoa jarri genuen abian. Hala, Gasteiz gure mapara ekartzea lortu dugu.
 

Crowdfoundingaren bitartez proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortuta, hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso ditugu. 13 lagun guztira. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi izan dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Euskarak Gasteizen izan duen bilakaeraren berri eman digute.
 

Denetik elkarrizketatu dugu, gazte zein heldu. Gehien-gehienak euskararekin lotura handia duten pertsonak dira: nola edo hala euskara sustatzen dihardutenak. Atzerritik etorri, eta Gasteizen euskaldundu denik ere bada: Jordi Serra katalana, esaterako. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro da gure kamararen aurretik: Mikel Urdangarin abeslaria, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba eta Karmele Jaio idazlea, besteak beste.
 

Laster ahots horiek guztiak ikus-entzunezko batean bilduko ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko.
 

Eskerrak eman nahi dizkiegu Oihaneder euskararen etxeko langileei. Iñaki Lazkanori eta Ane Pedruzori bereziki. Elkarrizketa gehienak hantxe egin genituen. Beraien laguntza ezinbestekoa izan da, kontaktuak egiteko orduan zein gerora. Hona hemen Oihaneder etxeko webgunean jarri zuten albistea. Eta, nola ez, mila-mila esker parte hartu duzuen gasteiztar guztioi! 
 

Argazkia: Ane Pedruzo / Oihaneder euskararen etxea

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia