Rekording proiektua aurkeztu da gaur, Donostiako lekuekin lotutako soinu-ibilbidea
2016ko ots. 26a, 17:30
Webgunea eta audio-gida dira proiektuaren emaitzak. Eskuko telefonoan aplikazioa jaitsita, Donostiako hainbat lekutan testigantzak eta fikziozko lanak entzuteko aukera dago. Ahotsak.eus webguneko grabazioak dira memoriarekin lotutako soinu-ibilbide horren abiapuntua.
Memoria da Rekording proiektuaren muina. Memoria, soinuak eta lekuak. Donostiako lekuekin lotutako memoria. Urte eta erdiko prozesuaren ondoren, atzo aurkeztu zuten Alderdi Ederreko Infopuntuan, Donostian. Audiogida bat da emaitza: eskuko Android telefonoetan deskargatu daitekeen aplikazio horrekin, Donostiako hainbat tokitan soinu-pistak entzuteko aukera dago. Puntu jakinetan telefonoak dar-dar egiten du, eta aurikularrak jantzi behar dira, entzuteko. Hiria beste era batera ezagutzeko modua da. Hori bai, sarean ere entzun daitezke audio-pistak, Rekording proiektuaren webgunean.
Gaur goizean ibilbide gidatu bat egin dute komunikabideentzat, eta bihar, larunbata, antzeztutako ibilbideak egingo dituzte publiko orokorrarentzat (11:30, 13:30, 17:00, 19:00). Bertan parte hartu nahi baduzu edota informazio gehiago jaso, idatzi rekording@dss2016.eu helbidera.
DSS-2016k abian jarritako proiektua da Rekording, eta hainbat taldek parte hartu dugu bertan. Izan ere, Ahotsak-eko testigantzak izan dira proiektuaren abiapuntua. Ondoren, tailer artistikoak egin dituzte testigantza horiek berrinterpretatzeko, antzerki-irrati-fikzioa erabilita. Bere aldetik, Audiolab elkarteak des-memoriarekin lotutako grabazioak egin ditu, eta audiogida prestatu du pista guztiekin. 50 pista dira orotara; errealak dira batzuk, beste batzuk fikzionatuak.
Ahotsak proiektuan 150 pertsona ditugu elkarrizketatuta Donostian eta 3.250 bideo pasarte online. Horregatik jo zuten guregana Rekording proiektua abian jartzeko. Gure lana Donostian egindako elkarrizketak aztertu eta hiriko lekuekin lotutako istorio interesgarrienak aukeratzea izan da. Guk egindako elkarrizketa guztiak euskaraz direnez, gaztelaniaz ere egin genituen elkarrizketa batzuk, Nagusilan elkartearen laguntzaz. Guztira 65 testigantza aukeratu genituen, Donostiako 65 lekurekin lotutakoak. Barregarriak, tristeak, harrigarriak… denetik.
Gaurko prentsaurrekoaren eta proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus albistea DSS-2016ko webgunean.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.