"Lasarte-Oria: istorio zumez egina" dokumentala aurkeztuko dute igandean

2023ko eka. 15a, 09:08

Lasarte-Oriako emakumeen testigantzek osatzen dute Ihitten taldeak sortu duen dokumentala, adin askotako emakumeen bizipenek eta ikuspuntuek. Besteak beste, Ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatutako Fortunata Zuaznabar agertzen da.

Igandean, ekainaren 18an, estreinatuko dute Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 19:00etan. Emanaldiaren aurretik, egileek lana aurkeztuko dute: Ihitten taldean hamahiru emakume dira, ikus-entzunezkoen bueltan lan egiten dutenak guztiak ere; elkarlanean sortu dute dokumentala, eta herriaren bilakaera erakusten du, emakumeen ikuspuntutik. Udalaren eta Emakunderen babesa izan dute horretarako. Guk ere jarri dugu gure aletxoa: Fortunata Zuaznabar herritarraren bideo-pasarte batzuk erabili dituzte. Dokumentala elebitan egin dute. Hona hemen trailerra: 

Datorren astean bigarren pase bat egingo dute, ekainaren 22an, 18:00etan Antonio Mercero gunean. Egun horretan, ikus-entzunezkoa proiektatuko dute aurrena, eta tertuliatxo bat egin gero, bertaratutakoekin. Lekukotzak eman dituzten emakumeetako bi gonbidatuko dituzte.

"Dokumentala ez da Lasarte-Oriaren historiaren errepaso kronologiko bat, baizik eta gure herriaren bilakaera nolakoa izan den gaur egun garenera iritsi arte, bertan bizi diren zenbait emakumeren bizipen eta ikuspuntutik, bakoitzak beretik", azaldu dute egileek. Ikus-entzunezkoan bildu dituzten istorioak herriaren historia ere badirela diote, eta ikustera joaten direnek udalerriari buruzko kontu "harrigarri" ugariren berri izango dutela.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia