Ikasleei gerrako kontuak ezagutarazteko bideoak
2015ko ots. 26a, 11:30
Bost bideo labur prestatu ditugu, 1936ko gerrari buruzkoak, ikastetxeetan erabiltzeko. Ahotsak.eus proiektuko testigantzak erabili ditugu horretarako. Ikasgelan webgunean ikus daitezke bideoak.
Gerra Ikasgelan. Horrela du izena proiektuak. Bost bideo dira, bakoitza bost minutu ingurukoa. Laburrak bezain mamitsuak. Ikasleei Gerra Zibilean gertatu zena ezagutaraztea da asmoa. Pentsaraztea, sentiaraztea. Ahotsak.eus artxiboan jasotako testigantzetan oinarritu gara. Adierazgarrienak aukeratu ditugu. Eta bideoak ikasgelan.ahotsak.eus webgunean daude orain, interesa duenaren eskura.
Bideo bakoitzak gerrarekin lotutako gertaera eta ondorio batzuk erakusten ditu:
1-Etxetik ihes egin beharra. Milaka eta milaka pertsona etxetik alde egitera behartu zituen gerrak.
2-Bonbardaketak. Durangoko eta Gernikako bonbardaketak izan ziren zibilen kontra egindako hegazkin-eraso gogorrenak.
3-Kartzela eta fusilamenduak. Gerrako errepresioa bortitza izan zen: kartzelaratuak, fusilatuak... apurtutako familia asko.
4-Erbesteko egonaldia. Frantziara, Erresuma Batura, Belgikara, Errusiara... ume mordoa bidali zituzten erbestera. "Gerrako umeak" dira.
5-Gerra osteko gosea. Eta gerra amaitu zenean, gerraostea. Errazionamendua, miseria eta gosea.
Ikus-entzunezko hauek Euskal Herriko edozein ikastetxetan eta aisialdi gunetan erabiltzeko modukoak dira, ume eta gaztetxoekin. Gerrarekin lotutako 3.000tik gora bideo pasarte begiratu ditugu lan hau egiteko, eta onenak aukeratu. Inor hotz ez uzteko asmoz egin ditugu bideoak, datuetatik baino sentimenduetatik. Testigantzez gainera, musika eta antzinako irudi zein argazkiak erabili ditugu, ikus-entzunezkoak girotzeko eta janzteko. Bideoak beregainak dira, bakoitza bere aldetik erabiltzeko modukoa. Hori bai, bostak segidan erabiltzea ere posible da, gaiari sakontasuna eta osotasuna emateko. Bonbardaketei eta fusilamenduei buruzko testigantzak dira gordinenak, eta DBHrako daude pentsatuta batez ere. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Memoria Historikoa sailaren laguntza izan du.
Ahozko ondarea jaso, ezagutarazi eta bizirik mantentzea da Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren helburua. 2003tik milaka testigantza jaso ditugu, eta horietako asko gerrarekin lotutakoak izan dira. Testigantza horiek gure ondare kolektiboa osatzen dute, gure herriaren historiako kapitulu ilun bat. Horrelakorik errepika ez dadin, ezinbestekoa da gertatu zena ezagutaraztea, bidegabekerien aitortza egitea. Gerrako biktimak gogoratzea eta gerrak dakarren minaren berri izatea. Balio eta printzipio demokratikoak bultzatzea, bizikidetzari begira. Prestatu ditugun bideo hauek norabide horretan doaz.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.