"Elorrioko Ahotsak" proiektuko emaitzen aurkezpena

2011ko api. 1a, 11:45

Martxoaren 30ean, eguastenez, aurkeztu ziren herriko udaletxean "Elorrioko Ahotsak" proiektuaren lehen emaitzak. Udaleko eta Badiharduguko ordezkariek gidatu zuten ekitaldian 50 lagunetik gora izan ziren, hiztun, senide eta bestelako herritarren artean.

Aurkezpenean 21 minutuko bideo bat ikusi zen, proiektuan parte hartu duten hiztun guztien pasarteak jasotzen dituena. Txalo beroak hartu zituen. Ekitaldiaren amaieran, hiztun bakoitzari bere bideoa eta diploma entregatu zitzaion. Amaitzeko, talde-argazkia atera zen. Urte eta erdi inguru iraun duen lanean, 32 herritar elkarrizketatu dira, 35 grabazio-ordu, guztira. Gizon eta emakume, erdi eta erdi gutxi gorabehera, Elorrioko kalekoak zein auzoetakoak. 80 urtetik gorakoa bataz besteko adina. Une honetan Interneten Elorrioko 319 bideo-pasarte ikus daitezke eta 52 transkrizio irakurri. Lanaren bigarren fasea ere aurreratuta dago: ondo bada, Elorrioko euskararen azterketa linguistikoa argitaratzeko prest egongo da urte amaierarako.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia