101 L proiektuak Donostia-2016ko diru laguntza jaso du
2015ko ira. 18a, 09:20
Donostiako hizkuntzak jasotzen jarraitu ahal izango dugu, Donostia2016-ko Energia Olatuak programari esker. Donostiako (eta Euskal Herriko) aniztasuna ezagutu eta ezagutarazteko. Proiektuan zehar landu nahi diren gaiak ondorengoak dira: eleaniztasuna, kultur aniztasuna, inmigrazioa, eta elkartasuna.
Maiatzean hasi ginen Donostiako hizkuntzak jasotzen: Badihardugu euskara elkarteko kideok 101L egitasmoa abiarazi genuen. Ahalik eta hizkuntza gehien jaso, eta Donostiako aniztasuna ezagutaraztea da gure asmoa. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako. Elkarren ezagutza txikia delako. Eta orain elkarrizketak egiten jarraitzeko aukera izango dugu, 20.160 euroko laguntza jasoko baitugu. Herritarrek osatutako epaimahai batek hartu du erabakia, aste honetan, Donostia-2016ko Energia Olatuak izeneko programan.
Olatu Talkaren barruan hasi ginen testigantzak jasotzen. 19 hizkuntzatako lekukotasunak jaso genituen, Bulebarrean karpa jarrita. Nasledie eta Afrik Euskadi elkarteetako hainbat kide izan genituen bidelagun. Elkarrizketetan, batez ere, Donostiara (eta Euskal Herrira, oro har) etorritako lagunen testigantzak jaso nahi dira: euren hizkuntzaren soinuaz gain, zer den etorkin izatea, nola bizi duten eleaniztasuna, zer ezberdintasun dauden herrialdeen artean, eta abar. Oinarrizko hiztegitxo baterako hitzak ere jasoko ditugu.
Gure asmoa 2015 eta 2016 urteetan zehar elkarrizketekin jarraitu, eta Donostiako hizkuntzak jaso eta ezagutaraztea da. Ehundik gora elkarrizketa egingo ditugu guztira, hainbat elkarterekin elkarlanean. Elkarrizketetako batzuk astebetez Donostiaren erdigunean jarriko dugun karpan egingo ditugu, eta bertan erakusketa bat eta tailerrak ere antolatuko ditugu. Ondoren, bi ikus-entzunezko prestatuko ditugu, eta webgune bat sortuko dugu jasotako grabazioak landu eta guztion esku jartzeko.
Inork ez daki Donostian zenbat hizkuntza hitz egiten diren. Unesco Etxeak 2007an egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 108 hizkuntza hitz egiten dira. Datu hori Donostiara ekarrita, bertan 100 bat hizkuntza hitz egingo direla pentsatzen dugu guk. Hortik dator "101 L" proiektuaren izena. 101 zenbaki sinbolikoa da, Donostian ez baita azterlanik egin. Hori bai, Donostiako Udalak 2014ko otsailean argitara emandako datuen arabera, Donostiako herritarrak 141 estatutatik etorritakoak dira. Donostian bizi diren pertsonen %43 ez dira hirian bertan jaioak. Zenbat ele jasoko ote ditugu?
'Ardora' du izena herritarrek osatutako Energia Olatuetako epaimahai horrek. Itsasoan gauez antxoa sardak egiten duen distira da ardora. Horrela egiten zuten arrantza lehen, ardoran. Makina bat arrantzalek hitz egin digute horri buruz. Guk ere, arrantzale haien gisara, hiriko itsaso zabalean hizkuntzen distira bilatuko dugu.
Ikus proiektuari buruzko albisteak: DonSS-2016ren webgunean eta gure albistegian.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.