Gernikako bonbardaketako kontu ugariGernikako bonbardaketa hasi zenean, itaurrean zebilen bere neba batekin. Bermeotik etorri ziren aireplanoak trenbidetik, baxu-baxu, eskopetarekin harrapatzeko moduan. Lehenengo bonba Errenteria auzoko zubian bota zuten, baina ez zuten apurtu. Bere ama Gernikan egon zen plazan; eta, goizean aireplanoak ikusi zituenez, etxeranzko bidea hartu zuen. Babeslekuetan sartu zen jendea ere hil zen, bertara ere bonbak bota zituzten-eta. Gorpuak zeintzuk ziren jakin gabe palekin batu, eta kanposantura eraman zituzten. Soroan harrapatu zuen bonbardaketak eta bere nebak ganaduak hartu eta handik alde egin zuen alboko baso batera; bera, ostera, bertan gelditu zen beldurrez. Miliziano batzuk azaldu ziren eta zubipean sartu zuten babesteko; bertan egon zen iluntzera arte. Amamaz arduratuta egon zen, baina bere amama kobazulo batean babestu zen. Barrutiko etxe guztiak bete ziren Gernikatik alde egindako jendez.