Iribar, sagardotegi izatetik jatetxe izatera
Getarian kalean jarri zen lehenengoetako parrilla Iribarren izan zen. Sagardotegia zen, baina kanpoan parrilla zeukan. Norberak janaria eraman eta hantxe erretzen zuen. Sagardotegiari "Joxe Loidinekoa" esaten zioten. Aita marmitakoa egiten ere hasi zen eta gutxinaka jatetxe bihurtzen joan zen. Behin Claudia ezkondu ondoren, senarrarekin batera jatetxea jarri zuten. Garai hartan marmitakoa eta arraina ziren nagusi (arraina frijituta edo erreta). Arrain asko zegoen: pantxoa, panekak, bisigua... Bisigu asko zegoen eta merke egoten zen. Eta oso preziatua zen.