El Cascoren ibilera: argi-ilunak
El Casco osatu zuten bost familien arteko harremana oso ona izan zen. Jose Mari Etxebarria, Ignazioren anaia, 1950eko hamarkadaren amaieran sartu zen lantegian ingeniaritza ikasketak bukatuta. Europako eta Afrikako hainbat herrialdetara egindako bidaiei buruzko pasadizoak kontatzen ditu. Krisi desberdinei irtenbidea emateko helburuarekin, merkatu berrien bila joaten zen atzerrira. Kartzelan estutasunen bat edo beste igaro zuen baina onik ateratzen zen dirua tarteko. Urterik oparoenak 50eko eta 60ko hamarkadetan bizi izan ziren, eskaera guztiak zerbitzatu ezinda ere ibili zirelarik.