Gerrako Ahotsak

1936ko gerrari eta frankismoari buruzko testigantzen bilduma. Milaka lekukotasuna Espainiako Gerra Zibilaren inguruan.

Historia liburuetako kontakizunak ezagutzen ditugu, baina ba al dakigu nola bizi izan zuten biktimek eta lekukoek guda eta gudaostea? Jasotako testigantzek Gerra Zibilaren beste ikuspegi bat ematen digute, gertukoa eta zuzenekoa.

1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra Zibila. Militarrak II. Errepublikaren aurka altxatu ziren, gobernua boteretik kentzeko. Hiru urte kostatu zitzaien, baina lortu zuten: 1939ko apirilean Francisco Franco diktadorea jarri zen aginduan Madrilen; askoz lehenago Euskal Herrian. Gure herriak egoera zaila izan zuen hasiera-hasieratik. Nafarroan eta Araban ia oztoporik gabe nagusitu ziren jazarraldiaren aldekoak, eta laster kontrolatu zituzten bi lurralde horiek. Altxamendua hasi eta urtebete baino lehen (1937ko ekainerako) Hego Euskal Herri osoa frankisten mendean zegoen. Bederatzi hilabete horietan gerrak bizi-bizi kolpatu zituen euskaldunak. Frankismoaren errepresioak eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen.

Webgune honen helburua da gerra bizi izan zuten haien lekukotasuna jasotzea. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzen artean gerrarekin zerikusia duten interesgarrienak bildu eta "Gerrako Ahotsak" izeneko webgune honetara ekarri ditugu. 

Ez da gerraren alde militarraren inguruko webgunea. Hori baino gehiago, gerra zuzenean bizi izan zuten haur eta gazte haien bizipenak biltzen dituen webgune kaleidoskopikoa da, lekuko bakoitzak bere bizipenak kontatzen baitizkigu, oroimenaren filtrotik iragan ondoren.

 

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia