Gazte gara gazte

Euskal Herriko gazteei elkarrizketak egin dizkiegu, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza.

Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua dugu honakoa. Euskal Herri osoko gazte euskaldunen (euskaldun zahar nahiz euskaldun berrien) jarduna jaso eta internet bidez sareratzea da asmoa, interesa eta beharra duen orok ahozko jarduna hobetzeko baliabide bat izan dezan. Proiektu honekin, beraz, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragin nahi dugu.

Horretarako, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeari ekin genion 2014an, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?

Proiektuaren ardatza gazteen euskarazko testigantzak dira, beraz. Gazteen hitza jaso dugu, baina fokua, batez ere, hizkuntzaren eremu informalean jarrita: egunerokoan, etxean, lagunekin, eta gertuko jendearekin egiten duten hizkeran. Zertarako? Bada, hain justu, aisialdian (eremu informalean) baliabide faltagatik erdaretara jo behar izaten duten hiztunei ereduak, ideiak eta proposamenak emateko, batetik; eta bestetik, euskararen historia sozial hurbila osatzen eta ulertzen hasteko.

Webguneak atal desberdinak ditu. ELKARRIZKETAK atalean, Euskal Herri osoko gazteei (ezagun zein ezezagun) eta gazteekin lanean diharduten zenbait eragileri egindako elkarrizketak aurki daitezke, herrika sailkatuta. BIDEOTEKA atalean, gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak harturik (parrandak, euskara-erdara, teknologia berriak, rallyak...) prestatu ditugun hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke. Eta GAZTE HIZTEGIAn, berriz, lagunarteko hizkera informaleko lexikoa bildu dugu. Hona azalpen gehiago:

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia