Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dugu
2024ko aza. 29a, 12:08
Zumaiako Udalak eta Badiharduguk euskalgintzaren gerraosteko memoria biltzeko asmoz abiatu zuten proiektua 2021ean. Mugimendu handiko hamarkadak izan ziren haiek eta arlo bateko eta besteko herritarren lekukotasuna jaso nahi izan da: hezkuntza, antzerkia, dantza... Azken urteetan bildutako materialarekin eta aurretik Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunekin osatu da ikus-entzunezkoa, eta argazki eta dokumentu zaharrekin jantzi da. Dokumentaziorako ezinbestekoa izan da Imanol Azkueren laguntza, eta Esti Curiel aktore zumaiarrak jarri dio kontakizunari ahotsa.
Euskararen Astearen barruan antolatu zuten atzoko emanaldia. Aita Mari aretora bertaratu ziren dokumentaleko hainbat protagonista, senide eta lagun. Hiru zatitan banatuta ikusi genuen, hamarkadaka, eta tarteetan, gitarraren laguntzaz Mendi Gorostiagak garaiko kanta esanguratsuak abesten lagundu zigun. 'Aitorren hizkuntz zaharra', 'Gazteri berria' eta 'Ikastolen ereserkia' gogoratu genituen horrela.
Xabier Azkue euskara teknikariak eta Haizea Odria Badiharduguko kideak aurkeztu zuten ekitaldia. Hunkitzeko momentuak ere bizi izan genituen, batez ere Aitor Manterola zinegotziak testigantza hauek jasotzearen garrantzia azpimarratzeko bere familiako pare bat kontakizun gogora ekarri zituenean. Proiekzioaren amaieran, parte-hartzaileei eskerrak eman eta aurrerantzean proiektuan ekarpenak egin nahi dituzten herritarrak Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzera gonbidatu zituen Manterolak.
ESKERRIK ASKO momentu ilun haietan xirrikituak zabaltzen lagundu zuten zumaiar guztiei!
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.