ZirHika, Euskal Herri mailan hitanoa bultzatzea helburu duen mugimendua, aurkeztuko dute bihar Donostian

2025ko ots. 21a, 09:43

Zaldi Urdina arte eskolan izango da aurkezpena, bihar, 13:00etan. ZirHikako kideek beraien egitasmoen berri emango dute, hitanoaren egoera orokorraren berri emateaz gainera. Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak ere aurkezpenean egongo dira.

Azken urteotan, Euskal Herriko 50 herritik gora dira hitanoa -bereziki noka- bultzatzeko ekimenak egin dituztenak. Euskal Herriko I. Hika Topaketan 80 hika eragile bildu ziren. Hortik sortu da ZirHika mugimendua, elkarlanean hitanoaren erabilera sustatzeko, herriz herri. 2024ko apiriletik hona hainbat ekimen egin dituzte, eta erabaki dute badela ordua beraien burua jendaurrean aurkezteko. Bihar, larunbata, egingo dute, Donostiako Zaldi Urdina arte eskolan, 13:00etan. Batetik, hitanoaren egoera nolakoa den azalduko dute, eta, bestetik, 2025eko egitasmoen berri emango dute, besteak beste Euskaraldian hitanoa txertatzeko zer aukera dauden, Euskaraldia Hika ekimenean. Euskal Herriko II. Hika Topaketa, Hikadromoa... 

Badihardugu elkartea ere ZirHikaren parte da, eta hantxe izango gara gu ere. ZirHikakideekin batera, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak egongo dira aurkezpenean, eta baita Andrea Bella ere, hika hitz egiten duen uruguaitarra. 

ZirHika toki askotako hika eragileek osatzen dute, eta saretzen jarraitzeko bokazioa du. Beraz, ateak irekita dauzka hika eragile guztientzat. Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatzea izan zen ZirHikaren lehenengo ekimena; Durangoko azokan egin zuten eta arrakastatsua gertatu zen.  



Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako. Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen dute bat-batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gainbehera joan da azken hamarkadetan. Horregatik, ZirHikaren asmoa euskaldunen artean, bereziki gazteen artean, hitanoaren erabilera areagotu eta sendotzea da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzea. Goragoko beste helburu batekin betiere: euskararen erabilera indartzea.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia