Oñatin Hika ikastaroa antolatu dute, Euskaraldia Hika ekimenaren barruan
2025ko ots. 27a, 14:18

Hika ikastaroa egingo dute Oñatiko udal euskaltegian, “Bilddur barik hikaratu!” lelopean. Martxoaren 3tik maiatzaren 12ra izango da, 18 ordu guztira; astelehenero, 18:00etatik 20:00etara. Debalde izango da, herritarrei hika ikasteko eta praktikatzeko erraztasunak eman nahi dizkietelako. Oñatiko Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu du ikastaroa, Ingo Xonau! egitasmoko eta udal euskaltegiko kideekin elkarlanean. Bigarren ikastaro mistoa da, lehenengoak emakumeentzat soilik izan baitziren, Jabetze Eskolan.
Hika ikastaroa Euskaraldia Hika ekimenaren barruan antolatu da aurten. Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da, hain justu ikastaroa bukatzen denean. "Hala, ikasleek ikastaroan ikasitakoa praktikan ipintzeko aukera izango dute".
Aurrekoetan bezala, Beatriz Irizar izango da irakaslea. Toka eta noka, biak ikasteko aukera egongo da, jolasen bidez eta oso modu praktikoan. Izena emateko epea bihar amaituko da, printzipioz, baina plazak betetzen ez badira, epea zabaltzea aurreikusten dute; euskaltegian bertan edo www.oñati.eus webgunean formularioa beteta eman daiteke izena. “Mutil zein neska, gazte zein heldu”, herritar guztiei animatzeko deia egin diete, “hanka sartuz eta beldurrik gabe ikasteko aukera paregabea delako”.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.