San Ignacio ikastetxeko ikasleen grabazioak Ahotsak-era ekarri ditugu
2025ko mai. 29a, 09:45

Donostiako San Ignacio ikastetxeko ikasleek elkarrizketak egin dituzte aurten ere, ahozko ondarea jasotzeko. Euskara ikasgairako egin dituzte, Gorka Lekaroz irakaslearekin, eta Ahotsak.eus proiektuan jaso ditugu.
San Ignacio ikastetxeko ikasleak 2013an hasi ziren ahozko ondarea jasotzen. Euskara ikasgaiko Gorka Lekaroz irakasleari bururatu zitzaion ikasleak lan hori egiten jartzea, eta ideiak harrera ona izan zuen. Euskalkiak lantzea da helburuetako bat, ikasleak batua ez den beste euskara batzuetara hurbilaraztea. Ondoren, eskolan egindako lanketak Ahotsak.eus proiektura ekartzen dituzte. Batxilergoko 2. mailako ikasleen hamar grabazio jaso ditugu aurten.
Aurreko urteetan egindako grabazioetako batzuk landuta eta ikusgai daude. Adibiderako, Laura Cernuda eta Yoli Olaizola ikasleek Lezoko Lorenzo Baldari egin zioten elkarrizketaren bideo pasarte hau:
Elkarrizketa guztiak hementxe ditugu jasota, San Ignacio ikastetxeko proiektuaren gunean, eta grabazio bakoitza dagokion herrian ere agertzen da. 103 grabazio jaso ditugu orain arte. Binaka egindako elkarrizketak dira gehienak. Beraz, 200dik gora ikaslek hartu dute parte ahozko ondarea jasotzen. Parte hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta bereziki Gorka Lekarozi, bera baita proiektuaren sortzaile eta bultzatzailea, urtez urte. Mila esker!
Argazkia: Claudia Daguerressar eta Carla San Martin ikasleak, Jose Inazio Zabala elkarrizketatuarekin.
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.