Patziku Perurena, arbasoen bizimodua aztertzen

ira. 24, 2019, 10:35 a.m.

Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925) izeneko ikerketa-lana kaleratu du Patziku Perurenak. Duela zenbait urte Ahotsak.eus-erako egin genion elkarrizketan ere aipatu zizkigun bordarien inguruko kontuak. Baina baita beste kontu interesgarri ugari ere. 

Urteak daramatza Patziku Perurenak Goizueta eta Leitza inguruko mikrohistoria aztertzen. Ahozko ondarea jaso eta aztertzeaz gain, artxiboak arakatzen, ikertzen... eta baita aurrekoengandik jasotakotik edaten ere. Duela zenbait urte Ahotsak proiekturako elkarrizketatu genuenean, jada esku artean zerabilzkien hainbat ikerketa-ildo.

Ilusioz kontatu zizkigun bere haurtzaroko kontuak, gurasoei entzundakoak eta aurrekoen bizimoduaren ingurukoak. Ordutik hona hainbat ikerketa-lan burutu ditu, besteak beste, azken urteotan kaleratutako Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918) eta Leitzalarreko unaiak (1683-1771). Leitza aldeko borden historia aztertu ditu bere azken lanean: Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925). Bere ikerketen emaitzak idatziz eman ditu Patzikuk, baina ahoz ere mila kontu interesgarri kontatu zizkigun, zehaztasun handiz, gainera. Esaterako, lizarrak izan duen garrantzia eta lizar-arbolak nola kimatzen zituzten:

Abereen inguruko hainbat kontu ere kontatu zizkigun, betiere lexikoaren inguruko azalpen interesgarriak emanez. Esaterako, joare desberdinen izenen inguruko azalpenak:

Patzikuk eman zizkigun azalpen interesgarri horiek guztiak Ahotsak.eus webgunean daude entzungai. Berak egindako ikerketa mardulak, berriz, kaleratutako liburuetan daude jasota, interesa duen ororentzat. Egindako lan guztiagatik zorionik beroenak Patzikuri!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia