Ordiziako ahozko ondarea ikusgai

2008ko abe. 19a, 06:52

Joan zen astean aurkeztu zen Ordiziako udaletxean herriko ahozko ondarea biltzeko egindako proiektua: Ordiziako Ahotsak. Ordiziako udalaren eta Badihardugu elkartearen elkarlanaren ondorioz, herriko 36 lagunen lekukotasuna jaso eta sailkatu da.

Ordiziako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarlanean, Ordiziako ahozko ondarea jaso, antolatu eta hedatzeko proiektua aurrera eramaten ari dira. Aurten sinatutako hitzarmenaren haritik, herriko ahozko ondarea bildu eta sailkatu dute Interneten, Ahotsak.com webgune honetan bertan.

XX. mende hasieran jaio zirenen kontaketak jaso dira proiektuan: euren ahotik kontatutako Ordiziako historia bera. Euren bizipenak dira bisitariak webgune honetan aurkituko dituenak: lanbideak, ohiturak, sinismenak, harremanak... Baita, horrekin batera, herriko ondare linguistikoa ere.

Lan hau gauzatzeko bi eratako materiala erabili dute. Batetik, "Ordiziako euskara" libururako orain dela 3-4 urte egindako grabazioak berreskuratu eta landu dira. Bestetik, beste 21 grabazio berri ere bildu dira. Guztira, 36 ordiziarren bizipenak zintzilikatu dira Ahotsak plataformaren webgunean: 536 pasarte desberdin, orotara. Ahots grabazioak soilik ez, bideo grabazioak ere topatu daitezke bertan.

Aurkezpenean Belen Maiza Ordiziako Udaleko euskara zinegotzia izan zen, eta berarekin batera, lanean aritu diren Aintzane Agirrebeña eta Aitziber Otegi.

Informazio gehiago:

(Argazkia: Goierriko Hitza)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia