Oñatiko noka berreskuratzen: esperientziak biltzen dituen bideoa sarean

2020ko uzt. 8a, 10:37

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da. Iaz, bide hori egin duten eta egiten ari diren hainbat emakume elkarrizketatu genituen. Orain, haien esperientziak ikus-entzunezko batean batu ditugu. 

Zer nolakoak dira noka berreskuratzen saiatzen ari diren emakumeen esperientziak? Hitanoa etxean jaso ez dutenek non eta nola ikasi dute noka egiten? Hainbat emakume elkarrizketatu genituen Ingo xonau! proiekturako, eta haien testigantzekin ikus-entzunezkoa gertatu dugu. Ea hiztun berriak animatzeko balio duen! 

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, Oñatiko hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz: Ingo xonau! 54 herritar elkarrizketatu ostean, grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-eko lotura honetan ikus ditzakezue. 

Otsailaren erdialdean, Ingo xonau! proiektuak Hikalaguna ipini zuen martxan Oñatin. 60 bat lagun animatu ziren, eta hainbat taldetxo sortu, astean behin elkartu eta hika jarduteko. Konfinamenduarekin, Hikalaguna ere bertan behera geratu zen, hitzorduak Oñatiko tabernetan izaten zirelako. Hori bai, talde batzuek hikalagun birtuala egiten jarraitu zuten. Orain, uztailean, hikalaguna biziberritzen saiatzen ari gara. Taldeak berriz hasi dira elkartzen, eta uztailaren 18an hika-merienda egiteko asmoa daukagu, Santa Lutzian. 

Aurtengo asmoen artean hauexek ere badaude: Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka argitaratzea eta nokako lehenengo ikastaroa antolatzea, udazkenean. 

Jasotako testigantzekin beste bi ikus-entzunezko ere prestatu ditugu, aurretik. Galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa gertatu genuen iaz (ikus abenduko aurkezpenaren albistea) eta, aurten, maiatzean, beste bideo bat plazaratu dugu, hika norekin egin ohi den azaltzen duena. Hementxe dituzue biak:

Argazkian, Marije eta Ane ama-alabak, 'Ingo xonau?' txaparekin. Seme-alabei hika egiteko erabakia hartu zuen Marije Ugartek, duela urte batzuk. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia