Oñatiko esamoldeen karta-jokoa, herriko hizkera modu jostagarrian lantzeko

2025ko mar. 11a, 17:01

Badihardugu elkarteak prestatu du materiala, Oñatiko esamoldeak ezagutarazteko. Gaur goizean aurkeztu dute, Oñatiko udaletxean.

Oñatiko Udalak herriko esamoldeen karta-jokoa plazaratu du, ikastetxeetan zein etxeetan oñatiera modu jostagarri batean lantzeko aukera ematen duena. Gaur goizean aurkeztu dute, udaletxeko pleno aretoan. Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberria arduratu da karta-jokoaren edukia prestatzeaz eta Mirari Sagarzazu marrazkilaria, berriz, irudiak sortzeaz eta karten diseinuaz. 42 karta dira guztira, erakargarriak eta koloretsuak: 42 esamolde. 300 karta-joko atera dituzte. Batzuk ikastetxeetan banatuko dituzte eta salgai ere ipini dituzte, 10 eurotan, Turismo Bulegoan eta Txokolaterixan.

Oñatiko karta-jokoa, sorta

Oñatiko esamoldeen karta-jokoa herritar guztiei begira prestatu dute, belaunaldien arteko transmisioan eragiteko. Familian eta lagunartean jokatzeko balio du, jolastuaz eta momentu atsegin bat pasatuz Oñatiko esamoldeak ezagutzeko eta erabiltzeko. Ideia mahaiaren bueltan elkartzea da, mobilari begira egon gabe. "Karta-jokoaren aitzakian, sarritan beste hainbat esamolde ere ikasiko dituzte gaztetxoek, etxe bakoitzean erabiltzen direnak", azaldu dute gaur goizean. Jokatzeko bi modu daude: koloreka eta zenbakika. Karta bakoitzean azalpena eta adibideak datoz eta baita esamoldeari buruzko galdera bat ere; karta lortzeko, ezinbestekoa da galderari zuzen erantzutea. "Karta gehien lortzen dituenak irabaziko du".

Oñatiko karta-jokoa, adibidea

Karta-jokoa prestatzeko garaian, oñatieraren gainean egin diren lanetan oinarritu da Etxeberria, aurretik lan handia egin baita herriko hizkera jasotzeko. Gainera, Roberto Altunaren laguntza eta hainbat adituren aholkularitza izan du, Jerardo Elortza tarteko. Aurkezpenean egon dira Altuna eta Elortza ere. 

Oñatiko Udalak eta Badihardugu elkarteak urteak daramatzate Oñatiko ahozko ondarea jaso eta zabaltzen. Hainbat lan ildo jorratu dituzte elkarrekin: azken urteetan hitanoa -bereziki noka- biziberritzeko lanetan ere ari dira, Ingo Xonau! herri ekimenaren bitartez.  Oñatiera Ikasgelan proiektuaren barruan, berriz, ikastetxeetarako 30 fitxa prestatu dituzte, dagoeneko herriko ikastetxeetan erabiltzen ari direnak. 



Goiko argazkian, ezkerretik eskuinera Roberto Altuna, Xabier Zabaleta, Iñaki Olalde, Idoia Etxeberria, Mirari Sagarzazu eta Jerardo Elortza. Iturria: Goiena.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia