Mikel Zalbide euskaltzaina: zientzia, euskara eta hezkuntza uztartzen

2022ko urt. 31a, 09:19

Mikel Zalbide hizkuntzalaria gaztetatik aritu da euskara bultzatzeko lanetan. Euskalgintzan zeresana izan duten 16 donostiarren testigantzak jaso ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Mikel Zalbide (Donostia, 1951) giro erabat euskaldunean hazi zen, Aiete auzoan. Ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta zientzia-terminologia euskaratzen hasi zen, beste batzuekin batera. Halaxe, Elhuyar taldea sortu zuten. UZEIn ere egin zuen lana, hiztegigintzan, baina Jaurlaritzako Hezkuntza sailean izandako ardurarengatik da ezagunagoa: Euskara Zerbitzuaren arduradun izan zen hainbat urtean, eta euskal unibertsitatea sortzeko prozesuan parte hartu zuen. Euskaltzaina ere bada. Hizkuntzalaria eta soziolinguista. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Aieten jaioa, guraso biak bertakoak zituen. Bi anaietan zaharrena. Euskara zen hizkuntza nagusia familian eta auzoan. Zortzi urte zituenean, familia Parte Zaharrera (ensantxera, Euskal Herria kalera) joan zen bizitzera. Kolegio Alemanean egin zituen Batxilergoa bukatu bitarteko ikasketak, eta ondoren Ingeniaritza ikasi zuen. Garai horretan euskara klaseak ematen hasi zen, eta baita euskarazko terminologia sortzen ere, zientziaren alorrean hutsune handia zegoelako. Elhuyar taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta ikastoletarako ikasmateriala sortzen ere aritu zen, besteak beste. 1978an UZEIn hasi zen lanean, hiztegigintzan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailean Euskara Zerbitzuaren arduradun izan zen urte askoan: 1981-2014. Euskaltzain urgazlea da 1983tik eta osoa 2006tik; hainbat lan egin ditu Euskaltzaindian. Euskal unibertsitatea sortzeko prozesuaz, EGA tituluaz eta beste hainbat kontuz hitz egin genuen berarekin elkarrizketan. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. Mikelen grabazioko 24 bideo-pasarteak hemen ikus daitezke. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatu ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. 

Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona baino gehiago daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen gabiltza.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia